GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Zubimendi Kazetaria

Isilik egon eta isiltasuna probokatu

Lagun batekin berbetan, mundua, Euskal Herria, hitzez gainpopulatua dagoela eta laburrak izatea, isilik egoten jakitea zenbat eskertzen den aritu ginen hitza eta pizza, zor nion afari pasada azkarrean. Pentsakor utzi ninduen, eta bueltaka ibili dut kontua, aspaldi irakurri nuen liburu bat, Abate Dinuart-en «L'art de se taire», berreskuratu eta orrikatuz, isiltasuna lantzeak zenbat balio duen eta praktikatzeak zenbat lagundu dezakeen hausnarrean.

Zalaparta eta marmarra ez dugu faltan euskal politikan, ezta horrek sortzen duen kakofoniaren inguruko kezka, islatzen duen arduragabekeriaren gaineko tristura edo kontrola galdu eta gure gainera amiltzeko aukeraren beldurra ere. Agian horregatik, sarri, detaile txikien zentzua eta jendearen erreguen esanahia ongi interpretatzerakoan zorabiatu xamar gabiltzala esango nuke. Isiltasuna behar baita, lasai-lasai geldiuneak egiteko, begirada eguneroko ohikeriatik altxa eta urrutiko gogomiraz, horizonte sakonetan aurrera egiteko. Isilik egon eta isiltasuna probokatu, etenak kudeatu eta momentu egokia itxoiteko; zuhurtziaz eta pazientziaz jokatuz, hitz egokiarekin bezala, erabaki eta ekintza aproposekin asmatzeko.

Isiltasuna gauza handia da gero! Ez da hutsunea, ez dago hutsik, ez da basamortu idor bat, ez da ahanztura ezta iluntasuna ere. Goxo-goxo sentituz, bizitza irakurtzeko eta berrirakurtzeko espazioa da, pentsamenduaren aire librearen arnasleku, sormenaren eta ametsaren itsaso irekietan pulun- patzeko akuilua. Politika egiteko ere, trebetasunez erabiliz, aurrean dugunaren isiltasuna probokatzen du, sorpresa eragiten du, atentzioa ematen du, atsedena eskainiz, giroa baretuz, hausnarketa sustatuz. Ideiak eta emozioak gobernatzeko lagungarri, hainbat gai eta batailetan presentziak eta absentziak bezala, esku hartzeak eta ez sartzeak aukeran banatuz.

Ez naiz ni izango inori isilik egoteko aginduko diona. Baina hitzak hiztegi eta purrustak purrustategi dituen euskal oilategi politikoan, ongi edo gaizki hitz egin daitekeen bezala, isiltasuna egokiro erabiltzea eta isilik egotearen artea, gustua eta taktua lantzea ez legoke batere gaizki.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo