Araba Euskaraz-en aurtengo kanta kalean da jadanik
GARA | GASTEIZ
Ekainaren 16an ospatuko da Amurrion Araba Euskaraz jaia, «Mihian kili-kili, euskaraz blai» lelopean, eta dagoeneko kalean dira aurtengo edizioko kanta eta bideoklipa.
Amurrioko Aresketa ikastolak du 33. edizio hau antolatzeko ardura.
Ironic Cancer Phobia, Triturbo eta Drellas taldeetan ibilitako musikaria, zinemagilea eta ikastolan seme-alaba bi dituen Luis Vilek zuzendu du bideoklipa. Atzoko aurkezpenean, Vilek adierazi zuen bideoa egitea «erronka» izan dela, ez baitago horrelako «herri lanak» egitera ohituta. Amaiur taldeko Naroa Gaintzak, Mikel Markez bakarlariak eta Hesian taldeko Zuriñek hartu dute parte bideoan.
Ikasle ohiak
Euskal Herriko eta Hego Amerikako doinuak nahasten dituen kanta Aresketa ikastolako ikasle ohiek egin dute: Igon Olaguenagarena da musika eta hitzak, Unai Mendibilenak. Horretaz gain, Olaguenagak eskusoinua jo izan du grabazioan eta Mendibilek ahotsa ipini; programazioak Unai Gonzalezek egin ditu eta David Nanclaresenak dira gitarrak.