Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea
Musikaren auzolanak
Elkarlana eta auzolana hitzen esanahien desberdintasunak barneko jokaera, filosofia zein jarreretan azaleratzen dira; kasu batzuetan mutur txiki batean eskua eman diezaiokete elkarri, baina, finean, zeharo ezberdinak dira. Batak bestearekin elkarlanean lan egin dezakete, lana bera delako asmo nagusia, antolaketa motari garrantzirik eman gabe, zeharkakoa edo goitik beherakoari. Hor dago gakoa; hots, elkarlanean menderatzaile eta menderatuaren arteko borroka manten daiteke, baina auzolanean nagusi eta langile dikotomiak ez du tokirik, berdintasunean egiten den ekintza baita. Etxe, auzo, herri, bailara eta hauen arteko antolaketa eta autoeraketa askeak izan ohi ziren euskal herrietako hainbat tokitan batzarren bidez elkartasun lanak egiteko, auzolanak egiteko. Antolatzeko modu zahar horiek edozein motako estatu edo erreinuen aurrekoak dira. Maila bereko lagunen artekoak dira eta, era berean, ez zuten zerikusirik euskal erresuma (nafar) haiekin. Ez zeramaten euskal nazioaren sistema juridikoaren mendekotasunik. Gazteluak ez ziren egin auzolanean. Autoantolaketa komunitarioak izan dira erresumen indarretatik kanpo egindakoak. EHZ Euskal Herria Zuzenean jaialdiak gizarte eredu askeago bat mamitzen ari direla aitortu eta defendatu du. EHZ-k ekinbide eta gogoeta kolektiboen zein auzolanaren aldeko aldarria egin du. Musika, eztabaida politikoak eta sozialak, erakusketak, bizipen kolektibo ezberdinen azalpenak uztartuko dira jaialdian. Musika indar kolektibo bilakatzeko bidea jorratu nahi da. Kontzientzia kolektiboaren auzolana, musika aitzakia harturik, EHZ jaialdian. Bikaina. Musika eta jarrera politikoaren zaleak eraikitzeko jaialdi aproposa.