GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aske Gunearen harira, «jazarpen politikoa» amaitzera deitu du EH Bilduk

Koalizio soberanistak «elkartasun eta babes osoa» eskaini zien atzo Aske Gunean atxilotutako zortzi gazteei eta hauen senide eta lagunei. «Herri honek gatazka politikoa konpontzeko urratsak eskatzen ditu; eta ez sufrimendu egoera berriak sortzea» nabarmendu zuten.

GARA | DONOSTIA

EH Bildu osatzen duten indar politikoek agerraldia egin zuten atzo, Aske Gunean gertatutako orotaz mintzatzeko, eta bide batez, gune horretan herri babesa jaso zuten zortzi gazteen atxiloketa «irmoki» salatzeko.

«Bada garaia gure herrian jazarpen politikoa amaitu dadin. Ezin onar dezakegu, gaur egun, gure hirian, ideia politikoengatik 8 gazte 6 urte espetxera bidaltzea», adierazi zuten koalizioko kideek. Atxiloketa eta epaiketa politiko hauek «behin betiko» amaitu daitezela eskatu zuten, «kartzelak husteko garaiak» direla nabarmenduz, «eta ez hauek betetzen jarraitzekoak». Hein horretan, elkartasun eta babes osoa agertu zieten atxilotuei eta hauen senideei.

Koalizioaren aburuz, «herri honek gatazka politikoa konpontzeko eta bakea eraikitzeko urratsak eskatzen ditu: sufrimendu egoerekin behingoaz amaitzea, eta ez, etengabean sufrimendu egoera berriak sortzen jarraitzea».

Aske Gunea bera zer-nolako fenomenoa izan den analisia eginez, azken bi asteotan Donostian sortu den elkartasun eta salaketa mugimendua «ikaragarria» izan dela baieztatu zuten, bertan parte hartu zutenei mezu argia helaraziz: «Zuen jarrera eraikitzaile eta arduratsuarekin antolaketa eta konpromiso lezio ederra eskaini diguzue donostiar guztioi».

Era berean, ertzainek izandako jokamoldea gogor kritikatu zuen koalizioak, bertan izandako «mehatxuak, umiliazio sexistak eta eraso fisikoak» ugariak izan direla nabarmenduz.

EAJ, PSE eta PP, «arduragabe»

Kritikak ez ziren indar polizialei mugatu. EH Bilduk gogor astindu zituen EAJ, PSE eta PP, Donostiako Bulebarrean aurrera eramandako ekimenaren aurrean izandako jarreragatik. «Eskandalagarria iruditzen zaigu azken asteotan Donostiako oposizioko alderdiek erakutsi duten jokaera arduragabea. Zortzi gazte lan politikoa egiteagatik 6 urtez kartzelatu behar dituztenean, hori salatzen duten herritarren aurka oldartu dira», adierazi zuen EH Bilduk.

Ildo horretatik, eta normalizazio politikoari begira, «herriaren ahotsa entzutera» gonbidatu zituzten Donostiako oposizioko kideak. «Ausardia» eskatu zieten, beraien alderdiek izan ditzaketen irizpideak alboratu eta «donostiarren gehiengoaren nahiarekin bat egin dezaten».

Elkarbizitza hori lortzeko «alderdi guztien ekarpena» funtsezkoa dela berretsi zuen koalizioak, eta bide horretan, Donostiatik jarrera «ausart eta positiboak» bultzatu behar direla nabarmendu zuten.

AUSARDIA

EH Bilduk deia luzatu zien Donostiako oposizioko alderdi guztiei, «ausardiaz» jokatzera gonbidatuz, beraien alderdien irizpideak alboratuz, «donostiarren gehiengoaren nahiarekin bat eginez».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo