GARA > Idatzia > Kultura

Auzolanean eraikitako «Izan pirata» dokumentala aurkeztuko dute larunbatean

N.B. | DONOSTIA

Aurten hamaika urte egingo ditu Donostiako Piratak kolektiboak. 2002an gazte gogotsu batzuk bildu eta jai herrikoien alde lanean hasi ziren. Euren ekitaldirik ospetsuena portuan egiten duten Abordatzea -su artifizialen atzetik, Aste Nagusiko jendetsuena- bada ere, askotariko ekintzak prestatzen dituzte, batez ere gazteentzat, tartean, kuadrillen arteko jolasak eta Irrikitaldia. Iaz, gainera, kolektiboaren hamargarren urteurrenarekin batera, lan egiteko dinamika berria jarri zuten abian; alegia, Piraten barnean azpitalde desberdinak osatzea, horietako bakoitzak publiko desberdinari eskainitako ekintzak presta ditzan.

Piratetako kideen kopurua denbora gutxian zenbat hazi den ikusita eta egindako lan izugarria eta aurrerantzean egingo dutena aintzat hartuta, auzolan hori lau haizetara zabaltzeko dokumental bat egitea otu zitzaien iaz. Jada amaitu dute «Izan pirata» lana eta larunbat honetan aurkeztuko dute Antzoki Zaharrean, doan.

Kolektiboko kide Markel Ormazabalek azaldu zuenez, herritarrei zein urte hauetan guztietan laguntza eskaini dieten talde guztiei eskerrak emateko modu bat da dokumentala. Estreinaldia larunbatean egingo dute, 18.00etan, eta, aretoa txiki geldituko balitz, 20.00etan beste saio bat egingo dute. Nahi duen oro gerturatu daiteke guztien ekimenez lortutako lana ikustera. Izan ere, Verkami crowfunding webgunearen bidez lortu dute filma ekoizteko dirua. «Hamar egunetan jaso genuen dirua. Verkami orrialdekoek esan ziguten harrituta zeudela gure proiektuak izandako harrerarekin, behar zuen dirua biltzen azkarrena izan zela», aipatu zuen Ormazabalek.

Ekarpen horiei guztiei esker, behar zituzten 3.000 euroak gainditu eta ia 5.000 euroko poltsa bat dute orain, dokumentala ahal bezainbat zabaltzeko erabiliko dutena. «Crowfunding kanpainan parte hartu dutenei DVDa banatuko diegu». Era berean, filma ikusi nahi duen orok horretarako aukera izango du Donostiako auzoetan antolatuko dituzten proiekzioetan.

Diru laguntzak eskatzearekin batera, jendearen partaidetza sustatu zuten, batetik artxiboko argazkiak eskatuz eta, bestetik, hainbat hizkuntzatako azpitituluak jartzeko laguntza eskatuz (hamaika hizkuntzatan egitea lortu dute).

Aste Nagusia

Mugimenduak lehen pausoak Donostiako Aste Nagusian eman zituenez, ezinezkoa da jaia bera alde batera uztea. Horregatik Aste Nagusiaren historiaren berri ere ematen dute dokumentalean. Piraten aurretik hirian izan ziren herri-ekimenen berri emateaz gain, Aste Nagusiaren sorreraren testuingurua azaltzen dute, baita euren kolektiboarena ere. Esaterako, jai herrikoien alde Trinitate plaza okupatu eta bertan La Flamenka gunea ezarri (egun portuan) zutenekoa oroitzen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo