Lander GARRO Idazlea
Zakurrak
Itzal izena du gure txakurrak, maiz irteten naiz pasiatzera harekin. Maite du Hendaia zeharkatzera eta Txingudi badiarantz joatea, han beste zakurrak zain dituela jakitun, haiekin usnaka eta olgetan ibiltzeko, zakurrek ohi duten alaitasun eskandaluzkoan. Txikia izan arren, ausarta da Itzal, zakur handiekin endredatzen da, bere txikitasunaz harro, duin. Edo akaso horregatik ausartzen da, bere txikitasunaren eta emetasunaren jakitun delako, badakielako gainerako zakurrek badakitela hori errespetatzen. Zakurren arteko araua da, emeak eta zakur txikiak lasai uztearena. Haginka lerdea dariela ibiltzen diren zakur basatienak ere baretzen ditu Itzalek bere xarmarekin, denak mantsotzen ditu. Baina ez da miraria, aizue, legea da, eta zakurrek badakite legeez. Beharbada zakur izan behar da legeez ohartzeko, eta legeak aintzat hartuz munduratzeko. Munduan zakurrak baino ez baleude, askoz ere arazo gutxiago genuke. Irudika ezazue gizagaldu bat uniformez jantzita neska bati mehatxuka, jo eta bertan bortxatuko duela errukirik gabe. Zaila da maskararen azpian gotortua mintzo den aberea zein infernutan sortu eta hezi den asmatzea, zein oihanetan ikasi dituen tamainako astakeriak, nolako estoldan bizi behar izan duen halako gordinkeria erakusteko, baina, egidazue kasu, ez da zakurren leinukoa. Zakurren leinukoa balitz, ez luke bere nagusitasuna emakumeak halako koldarkeriaz azpiratzeko baliatuko. Harroputza beti izango da harroputz, baina badaki zein den gainditu ezin duen langa. Ez da euskal polizien kasua, zoritxarrez. Euskal poliziak, Telesforo Monzonen ekimenetik herria defendatzeko sortutako haiek, jendetasun guztia galdu zuten noizbait. Ez niri noiz, nola eta zergatik galdetu, ez baitakit. Baina badakit zer entzun dudan egunotan eta, sinets iezadazue, ez ditut inoiz horiek inolako jendarte akordiotarako aintzat hartuko. Desterrua baizik ez dute merezi.