Elkano Browning Cream Hernaniko Biteri kultur etxean izango da gaur
GARA | HERNANI
Gaur, 20.00etan, eta «Hernanin Musik» zikloaren barruan, Elkano Browning Cream taldeak «Bohemia» bere azken lana aurkeztuko du Biteri kultur etxean.
Elkano Browning Cream erritmo jostagarri eta kutsakorren sinonimo da. Hammond organoaren, gitarraren eta bateriaren konbinaziotik abiatuta, mugarik gabeko soinu magnetikoa sortzen du, taldekideen izaera multikultural eta nomadaren adierazgarri.
Mikel Azpiroz musikari euskaldunak koordinatzen duen proiektu honek, eklektizismoa eta generoak nahastea aldarrikatzen du, eta bere esentzia groove-aren zentzurik garbienean oinarritzen da: erritmika dantzagarrian.
Franck Mantegari bateria jotzaile paristarraren drumming exotikoarekin batera, Brian Jackson eta George Braith maisuek goraipatu duten Dave Wilkinson gitarrista eta abeslariaren kadentzia melodikoak gauzatzen du estilo berezia.