GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Via Campesina mugimenduak telebista katea jarri du martxan

Euren borrokek ahalik eta oihartzun handiena izateko, nazioarteko nekazarien elkarteak koordinatzen dituen Via Campesina mugimenduak online telebista kate bat sortu du. Bertan bideo laburrak ikus daitezke, non mundu osoko nekazaritza arloko arazoak erakutsi nahi dituzten.

p061_f01_2.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Via Campesina mugimenduak, nazioarteko nekazari, ekoizle txiki, komunitate indigena, laborantza-langile eta jornaleroen elkarteak koordinatzen dituenak, telebista kate bat sortu du, Internet bidez bere eguneroko borroka zabaltzeko asmoz.

Mundu osoko nekazaritza arloko arazoen berri ematen duenez, Via Campesinak bideoak bidaltzera animatzen ditu erabiltzaileak. Sarea gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez badago ere, alemanez, italieraz, portugesez eta arabieraz egindako bideoak ere topa daitezke.

Borroka ildoen artean elikadura subiranotasuna edo ura eta lurra izateko eskubidea daude, beraien ustez, lurrak lantzen duenarena izan beharko lukeelako eta gure bizimoldeak ez duelako lurraren prozesu naturala errespetatzen. Nekazarien eskubideak aldarrikatzen dituzten bideo ugari bildu dituzte jada. Honi buruz igo duten azken bideoa Ugandan egindakoa da eta 2001eko gertaera batzuen berri ematen du. Horrek azaltzen duenez, gobernuak 2.500 hektarea saldu zizkion Alemaniari, honek bere produkzioak bertan landatu zitzan (Alemanian ez baitago egun kontsumitzen dugun elikagai kantitate handia landatzeko adinako espaziorik). Mubendeko barrutiak 10 hektarea zituen lehen euren elikagaiak ekoizteko; orain bakarra dute, eta ez da emankorra. Hortaz, lurralde oso aberats batean bizita ere, gosetea jasatera kondenatuta daude.

Gai horrekin batera, film gehien biltzen dituen atala «lurra, ura eta lurraldea» (58 artikulu) eta «Emakumeak» (32 artikulu) dira. Era berean, nekazariek egindako mobilizazioen berri eman ohi dute, baita mobilizaziora deitu ere, adibidez, Nekazaritza Borrokaren Nazioarteko Eguna iragartzen zuena. 1996ko apirilaren 17an euren lur eskubideengatik Brasilen protestatzen ari ziren hemeretzi laborari hil zituen gobernuak. Ordutik, egun hori aldarrikapenak inoiz baino ozenago egiteko erabiltzen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo