GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

European Amlin Challenge

Biarritzek urte osoa du jokoan

Lapurtarrek Leinsterren zelaian jokatuko dute finalerdia, eta galduz gero, datorren urtean ez da Heineken Kopan arituko.

p044_f01_148x100.jpg

Jon LEUNDA

Biarritzek dena edo ezer ez, horixe izango du gaur jokoan Leinsterren zelaian. Bertan European Amlin Challengeko finalerdia jokatuko dute, 15.30etik aurrera. Partida batera jokatuko da kanporaketa, eta irabazten duenak finala jokatuko du. Galtzen duenak, berriz, agur esango dio lehiaketari, eta hori Biarritz izango balitz, baita datorren urtean Heineken Kopa jokatzeko aukerari ere.

Zuri-gorriek ez daukate jadanik Ligan lehen zazpien artean sartzeko aukerarik; beraz, lehiaketa hau da daukan helduleku bakarra. Hori dena kontuan hartuta, Biarritzeko zuzendaritzaren ustez, gaurkoa izango omen da denboraldiko neurketarik garrantzitsuena. Maiatzaren 17an Dublinen jokatuko den finalean izatea ia ezinbestekoa bihurtu da, Heineken ez jokatzea kolpe handia litzatekeelako.

Agilerako taldeak jokalari asko ditu bajan une honetan, baina hauxe da euskal jokalariek duten unerik onena ere, eta badirudi gaurko partidara oso indartsu helduko direla. Zaleek ere badakite gaurko neurketak ze nolako garrantzia daukan, baina ez dira zale asko joan Irlanda aldera eta herriko tabernetan ez da girorik faltako, jende asko batuko baita telebista aurrean norgehiagoka zuzenean jarraitzeko asmoz. Gero, emaitzak esango du nolako giroak jarraituko duen.

Zale asko ari dira hausnartzen taldeak finalik irabaziko ez balu, datorren urtean Europako lehiaketarik garrantzitsuenean aritzeko txartela nola lor lezakeen, baina jokalariek horretaz ez dute hitz egin nahi, badakitelako horretarako gutxienez finala jokatu beharra dagoela, eta oraindik horretara ere ez dira iritsi.

Azken orduko aldaketarik ez badago, honako hau izango da gaur Biarritzek zelairatuko duen hamabostekoa: Bosch, Ngwenya, Baby, Traille, Brew, Barraque, Yachvili, Harinordoki, Lakafia, Dubarry, Taele, E.Lund, Broster, Hegi eta Synaeghel. Aulkian geratuko dira, ostera, August, Van Staeden, Gomez Kodela, Marie, Lauret, Lesgourgues, Burotu eta Thomas.

Gaur jokatzeko moduan ez dauden jokalariak ere bat baino gehiago dira, baina azkenaldian ere horrelaxe daude. Barcella, Balshaw, Couet, Genevois, Gimenez, M.Lund eta Thion dira jokatzeko moduan ez daudenak, eta horietako batzuek, gainera, aurten ezingo dute gehiago jokatu, lesio nahiko larriak izan dituztelako.

Leinsterreko hamabostekoa honako hau izango da: Kearney, McFadden, O'Driscol, Madigan, Nacewa, Sexton, Boss, Healy, Strauss, Ross, Cullen, Toner, Mclaughlin, Jennings eta Heaslip. Aulkian geratuko dira, ordea, Cronin, McGrath, Hagan, Roux, Ruddock, Cooney, Goodman eta Conway, ezusterik ez bada, behinik behin.

Bajak

Biarritzek baja askorekin jarraitzen du, baina Yachvili eta Harinordoki hasieratik jokatzeko moduan izango dira, eta hori oso berri ona izango da zuri-gorrientzat, beraiek baitira aldeak markatu behar dituzten jokalariak.

Broster: «Bi taldeentzat izango da oso norgehiagoka zaila»

Biarritz taldean ari den Ben Broster galestarrak oso garbi utzi du gaurkoa oso norgehiagoka zaila izango dela: «Neurketa zaila, oso zaila izango da bi taldeontzat. Kopako partida da, eta biontzat oso garrantzitsua», adierazi zuen. «Leinsterren hiru-laurdenak oso onak dira, eta min handia egiten dute, batez ere uztartzeetan», erantsi zuen galestarrak.

Brosterren ustez, atzean egon omen daiteke gaurko gakoetako bat. «Atzean egiten dugun lanak garrantzi handia izango duelakoan nago. Hor huts asko egiten ez baldin baditugu, irabazteko aukera asko izango ditugu. Biarritzentzat oso garrantzitsua da irabaztea, eta finalean sartzea. Jokalariok badakigu hori horrela dela, eta gure nahia ere horixe da. Ez da ahaztu behar, ordea, Europako talderik onenetakoaren aurka arituko garela», esan zuen. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo