GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Aske guneko lekukotasunak

Emozio handiak herri harresiaren bihotz taupadetan

Indarra, tentsioa, pena, poza, ezintasuna, esperantza, konplizitatea, harrotasuna... Denak nahasi ziren Bulebarreko «lurralde librean» izan ziren lagunengan. Oraindik sentimenduak azalean dituztela eman dizkigute testigantzak.

p003_f02.jpg

Adur, Egoi Alberdiren anaia

«Jendearen portaera ikusgarria izan zen. Familia bezala, oso pozik nago horrekin»

Egoi oso ondo dago, oso pozik jendearen erantzunagatik. Eta lasai. Zaballan dago. Berarekin hitz egin eta gero hobeto nago ni ere. Lehen ere kartzelan egon zen, ez zuen tratu ona jaso eta kezkatuta nengoen. Ertzainak etorri zirenean urduri jarri nintzen, baina ingurukoek lasaitu ninduten. Hainbeste jende ikusita, pozik nengoen, baina kolpeak jaso nituen eta mina dut oraindik. Auzipetuengandik zenbat eta hurbilago, orduan eta urduriago nengoen eta poliziek indarkeria gehiago erabiltzen zuten. Atera ondoren inpotentzia sentitu nuen, gehiago ez egiteagatik. Sekulako inpotentzia. Jendea oraindik barruan zen eta Polizia joka ari zen. Herritarrak zorabiatuta ikusten nituen, kolpe askorekin. Niri aurpegian eta lepoan eman zidaten. Begia eta sudurra more eduki ditut, markatuta. Hankak askatzen ez nituenez, lepoa estutu zidaten eta itolarria izan nuen une batzuetan. Ingurukoen laguntzaz, askatzea lortu nuen, baina momentu oso serioak egon ziren. Jendearen portaera ikusgarria izan zela azpimarratuko nuke. Familia bezala, oso pozik nago horrekin. Orain, anaia bisitatu, jendea lasaitu ondo daudelako, baina ez dugu bizitza utzi nahi. Klaseetara joaten segitu eta bizimodu ahalik eta normalena egiten saiatuko naiz.

Jazint [1]

«Epaiketak gelditu genitzakeela sentitu genuen, garaipena ez zegoela horren urrun»

Bi aste oso intentsoak izan ziren. Nahigabe antzekotasunak bilatzen nizkion Izpurako esperientziarekin [Jazint Izpurako auzipetua da], baina argi dago apustuaren parametroak aldatu egin zirela. Ez da izan elkartasun eta salaketa hutserako gune bat, bertatik pasatu garenok eurak babesteko prest ginen eta hori izan zen ostiraleko argazkia. Oso handia izan da Donostiako Bulebarra territorio libre bilakatzea. Nire txanda ere iritsi zen eta ahaleginak ahalegin harresitik kanporatu eta lurrera bota ninduten. Bideoetan ikusi ahal izan dut burua zapaldu eta hatza begian sartu zidatela. Altxatzeko agindu zidaten, baina eskumuturra bihurritu arren etzanda segitu nuen. Lau ertzainen artean aireratu ninduten, batek lepotik estu heltzen ninduelarik eta itota konortea galtzekotan egon nintzen. Zaku baten modura bota ninduten, baina berehala erizain batek hartu ninduen. Arnasestua baretzen ari zitzaidala ohartu nintzen, nire txanda amaitu zela eta ezin nuela ezer gehiago egin. Ondoan harresitik atera berria zuten lagun bat zegoen eserita eta tentsio guztia gainera erori zitzaigun. Malkoak eta besarkadak amorruzkoak eta etsipenezkoak baziren ere, gure barrenean zerbait berria sentitu genuen: esperantza. Goiz horretan epaiketak gelditu genitzakeela sentitu genuen, garaipena ez zegoela horren urrun, herriak baduela botere nahikoa astakeria hauek guztiak eteteko. Planteamenduarekin asmatu behar da, besterik ez.

Ane [asmatutako izena]

«Bota nindutenean, antsietate krisi txiki bat izan nuen. Inpotentzia sentitzen nuen»

Korrika lo zakua gorde, motxila izkina batean utzi eta karpa barrurantz abiatu nintzen, erdialdera, auzipetuen ondora. Lehenengo hanketatik hartu ninduten, ezin zuten eta beste bat etorri zen. Iletik tiraka, bortizki atera ninduten. Oso azkar pasa zen irudia daukat. Belauna gainean jarri eta ez zidaten mugitzen uzten. Zapatila bat bota eta hanka zapaldu zidaten. Bi eskuekin aurpegi guztia hartu eta ez zidaten arnasa hartzen utzi une batean. Alde Zaharrera bota nindutenean, antsietate krisi txiki bat izan nuen. Inpotentzia sentitzen nuen. Mutilarekin eta lagunekin batu eta elkar lasaitzen saiatu ginen. Aurreko egunean tentsioan egon nintzen, goserik gabe, tripa itxita. Une horretan tentsio guztia elkartu zitzaidan eta zorabiatuta bezala egon nintzen. Oihuak entzuten genituen eta bagenekien atxilotzen ari zirela. Bulebarrera sartzen utzi zutenean jendea martxa egiten hasi zen. Nik ez nuen gogorik etxean sartzeko eta lasaitzen geratu nintzen.

Arnaitz [2]

«Ez nuke zalantzarik egingo berriz halako ekimen batean parte hartzeko»

Nahiago nuen lorik ez egin, kosta egiten zaidalako gero espabilatzea. Abisua iristean segituan jarri ginen behar zen tokian. Auzipetuen ondoan egon nintzen. Hasieran beldurtu egin nintzen ze mugimendu zegoen ikusita. Gero, jendea banaka ateratzen hasi ziren eta sortu zen giroarekin eta indarrarekin han egon behar genuela sentitu nuen. Beldurra gero eta txikiagoa zen. Auzipetuek indarra eta ilusioa transmititzen zuten, lasaitasuna tentsioaren barruan. Elkar lagunduz eta lasaituz nahiko ondo egon ginen. Ez nuke zalantzarik egingo berriz halako ekimen batean parte hartzeko. Malkoak ez ziren urruti ibili. Oraindik burua bertan daukat, eta egindakoaz eta eurez harro nago. Mugimendu polit bat sortu da, beste jende bat bildu da, lehen mugitzen ez zena, eta zeozertarako balioko duen esperantza dut. Betaurrekoak erabiltzen ditut, baina gorde egin nituen eta osorik daudenez, auzipetuek ez dute fakturarik ordaindu beharko. Halako txantxekin tentsioa arintzen saiatu ginen.

Ibone, 22 urte [3]

«Eraman zituztelako penarekin gelditu ginen, baina bestela ahal zen hoberen atera zen»

Erdi barrutik gauzak antolatzen ibili naiz, baina azterketetan harrapatu nau eta ahal nuen neurrian egon naiz. Gehien gustatu zaidan gauzetako bat izan da jende asko asko egon dela, gazteagoa, ezagutzen ez nuena, agian beste egoera batean gerturatuko ez zena. Momentua pasada bat izan zen. Eraman zituztelako penarekin gelditu ginen, baina bestela ahal zen hoberen atera zen. Karpa barruan, atzealdean nengoen. Bulebarretik hasi ziren jendea hartzen eta gu ez gintuzten borobilean sartu. Ematen zuen ez genuela funtzioa beteko eta kezkatu egin nintzen: babesa eman nahi nuen. Ni ateratzera zetozenean ondokoa jo zuten. Hori asko egiten zuten eta inpresio handia egiten zuen. Hanketatik, burutik, iletik hartzen ninduten. Kolpea eman zidaten kokotsean eta ezpaina hozkatu eta odola atera zitzaidan. Batak bestea lagundu genuen. Medikuntza ikaslea naiz eta eman beharrean izotz bat jaso nuen!

Axier, «Argia»-koa [4]

«Kazetaritza bada errealitatearen zabalpena, ehunka gazte eta helduren artean zegoen egia»

«Beranduegi» web telebistarako bideo erreportajea egitea bururatu zitzaidan, eta auzipetuek erakutsi zidaten gizatasunak, giro biziak eta jendeak zer edo zer berria egiteko grinak eraman ninduten asteazkenetik ostiralera egun eta gau guztiak Aske Gunean pasatzera. Maila pertsonalean hasieratik ikusi nuen han gertatzen ari zenak bide berri bat irekitzeko gaitasuna zuela, baita aztarna luzea uztekoa ere. Bertatik bertara ikusi nuen klase politikoaren gehiengoak aparteko edo eredugarri izendatu duen Ertzaintzaren jokabidearen egiazko aurpegia. Kazetaritza bada errealitatearen interpretazioa eta zabalpena, gau horretan ehunka gazte eta helduren artean zegoen egia; ordubete luzea nire eskuineko besoari lotuta beldurrez negar batean igaro zuen baina lurretik arrastaka eraman arte eserita iraun zuen neskaren aurpegian.

Unai, 17 urte [5]

«Ertzainek auzipetuak ez babesteko esan eta inor ez zen mugitu. Hori da nire inpresiorik politena»

Lagun batekin joan nintzen; arreba ere han nuen. Eserita ginen eta ertzainak etorri zirenean, nahiko urduri jarri nintzen. Builaka hasi ginenean ahaztu egin zitzaidan. Horregatik saiatu nintzen ahalik eta gutxien isiltzen. Nire kezka ez sartzea zen, auzipetuak ez atxilotzeko. Aurpegian atximurka egiten zidaten, ukabilkada bat ere eman zidaten eta arrastaka eraman ninduten. Buruz behera jarrita, aurpegia lurraren kontra bultzatuz, galdetu zidaten ea bakarrik altxatuko nintzen. Nik, ezetz, eta jertsetik helduta altxa ninduten, arropak lepotik tiratzen zidala. Ertzainek auzipetuak ez babesteko esan eta jendeak txistuka erantzun zien, zirkinik egin gabe. Hori da nire inpresiorik politena. Dena hustu eta gero, lagun pila etorri ziren eskoletatik. Horrek animatu egiten zaitu borrokatzera. Esperientzia ona izan da niretzat.

Haritz [6]

«Ekimenak berak bultzatu gaitu analisi positibo bat egitera»

Mikroa hartu eta xuabe-xuabe esnatu genuen jendea. Ertzainen ingurura gerturatu ginen bortizkeriarako asmorik ez genuela azaltzera, baina ez ziguten hitz egiten utzi. Udaletxe aldean gelditu ginen eta ahalik eta jende gehienari abisatu genion etortzeko. Oiartzun gozotegiaren alboan lagun dezente bildu ginen, animo oihuak eginez. Ertzaintzak kordoi handi bat zabaldu zuen, tentsio uneak sortu ziren eta egoera baretzen saiatu ginen. Sentimenduak lehen egunetik hasi ziren, konplizitatea egon da denen artean. Sentimendua oso polita da, herri oso baten erantzuna izan da, benetan herri harresi bat eraikitzea lortu da, oso-oso zabala eta indartsua. Oso latza da politika egiteagatik kartzelara joatea. Horri gehitu behar zaio atxilotuak lagunak ditudala. Baina ekimenak berak bultzatu gaitu analisi positibo bat egitera.

Oihane

«Ezin izan nuen bazkaldu ere egin; oraindik dardarka nengoen, urduri. Eta era berean oso harro»

Ez nekien nola erreakzionatuko nuen; agian `bajoia' emango zidan, edo negarrez hasiko nintzen edo indarra aterako nuen. Eta bai, nuen indar guztia atera nuen barrutik. Izugarria izan zen giroa; tentsioa baina gogoa, indarra, elkartasuna. Gorrotoa eta inpotentzia sentitu nituen; bereziki, poliziek mutil bati bortizki ahoa eta sudurra estaltzen zizkiotela ikusi nuenean. Oihuka, negar batean hasi nintzen: «hau desobedientzia pasiboa da!». Eta ezkerrean nuen ertzainak etengabe esaten zidan: «tranquila, que te tranquilices» eta eskuinekoak berriz, «que te calles», eta bizkarraren kontra nuen eskumuturra gehiago tolesten zidan. Kale Nagusira bultza nindutenean, norbait ezaguna bilatzeko eta besarkada bat emateko beharra nuen. Berehala aurkitu nituen lagunak. Izotzarekin berehala lasaitu zitzaidan eskuko handitasuna. Ezin izan nuen bazkaldu ere egin; oraindik dardarka nengoen, urduri. Eta era berean oso harro. Harro Donostiako gazteak babestuz herri harresiaren parte izan nintzelako.

Ainhitze

«Minaren minez oihuka jarraitu nuen, ertzain batek `cállate zorra' esan eta ahoa estali zidan arte»

Ertzain batek eskuko hatz potolotik heldu eta atzerantz okertu zidan, «krak» entzun zen arte. Lurrean buruz behera etzan eta eskubiko eskua atzean heldu zidan ertzain batek. Beste batek burua lurraren kontra jarri zidan eta esku-muturra okertzen hasi zitzaidan. Bi ertzainak gehiago estutzen hasi zitzaizkidan eta minaren minez negarrez eta oihuka hasi nintzen. Hala jarraitu nuen ertzainetako batek «cállate zorra» esan eta eskuarekin ahoa itxi zidan arte. Jendearengana bultzatu ninduten. Mutil baten besoetan erori nintzen eta goragalea etortzen hasi zitzaidan. Minutu erdiz mugitu ezinik egon nintzen makurtuta. Medikuak esan dit tendoian luxazioa daukadala eta artikulazioa ukituta.

Unai, 23 urte

«Eraman zituzten bai, baina irabazi genuen sentsazioa genuen»

Bi aste igaro nituen klasera joan gabe, baina ez naiz damutzen. Herri batek duen indarraren isla ikusi nuen. Eraman zituzten bai, baina irabazi genuelako sentsazioa genuen. Atxilotuak gertuko lagunak ditut eta egun horiek oso gogorrak eta intentsoak izan ziren. Fisikoki nekatuta baino gehiago (lo egin edo deskantsatzea nahiko izaten zen indarrak hartzeko) psikologikoki kaltetuago nengoen. Barrea, negarra, tristura, emozioa, tentsioa eta amorrua sentitzen nituen momentu oro. Ez genuen lasaitasun unerik edukitzen, gehienbat Poliziak ez zigun-eta uzten. Atxiloketan beldurra pasa nuen. Ez nekien Ertzaintzak nolako jarrera edukiko zuen herri harresi hori deuseztatu eta auzipetuak eramateko. Gainera, prentsari grabatzen uzten ez ziotela ikustean, oso urduri jarri nintzen. Beste momentu izugarri bat Ertzaintza joatean izan zen. Jende guztia oihuka eta animoak ematen zegoen eta nik uste, beldurra eta dena eduki zutela. Sentsazio arraroa zen, amorrua, negarra, mina... une oro sentitzen. Jendeak izandako jarrera txalogarria izan zen, probokazioetan erori gabe, indar erakustaldi bat izan baitzen.

Leire

«Ez da irabaztea, partidak dirauen bitartean borrokatzea da»

Ondokoei besotik estu helduta itxaron genuen polizien etorrera. Eta iritsi ziren, baten batek pasarela batean zeudela zirudiela komentatu zuen, lerroan bata bestearen atzetik, besteak «Los hombres de Harrelson»ekin konparatu... Umorea behar genuen histeriak jota ez bukatzeko! Masailezurretik heldu, eta lehenengo tiraldian lortu ez, baina bigarrenean jada zutitu ninduten. Behin askatuta negargura sartu zitzaidan, inpotentzia edota tentsioagatik. Nire mutila ekarri zuten, eta biok beste lagun batzuekin egin genuen bat. Lorategiko zuhaitz batera igota, anaia ikusi nuen geroago, begi azpian zauri bat zuela. Alderdi Ederren, gazteak eta ertzainak parez pare, haiek uzkurtzen ari zirela zirudien, gu, ordea, hazten, hedatzen; sentsazio gogor eta on hori dut buruan. Halere, ez da irabaztea, partidak dirauen bitartean borrokatzea da, eta honela hasten bada irabazten ere, gazte zein heldu zigorturik ez dagoenean irabaziko da.

Ioritz

«Nik uste hemendik urte batzuetara izango garela bizi izandakoaz kontziente benetan»

Etorkizunean jende gehiena ostiral goizaz gogoratuko den arren, nire ustez, ia bi asteko egitasmo osoa izan da garrantzitsua. Gertukoen erantzuna ulertzekoa da, baina harritu egin ginen «bistaz» ezagutzen genuen jende batek erakutsitako jarrera parte-hartzaileaz. Ostegun gauean zaintza egitea egokitu zitzaigun. Abisua eman zutenean, denok genuen adrenalina topera. Udaletxe albora iristen ziren harresitik ateratako gehienak. Aurpegietan antzeman zitekeen amorrua, inpotentzia eta egindakoaz harro egotea. Hunkigarria zen jendea begietan malkoak zituela ikustea. Besarkada bat eta animoak eman eta oihuka jarraitzen genuen. Oso luzea izan zen guztia. Lagunak atxilotu bazizkiguten ere, barnean garaipen txiki baten irudipena genuen. Egun historiko batzuk bizi izanaren sentsazioa izan dugu, baina nik uste hemendik urte batzuetara izango garela bizi izandakoaz kontziente benetan.

Beñat

«`Me vas a romper la muñeca', esan nion. Erantzuna, gehiago estutu eta `¿quieres que te la rompa?' esatea»

Ertzain batek oso bortizki heldu ninduen eskumuturretik. Gero eta bortitzago. «Me vas a romper la muñeca» esan nion, bere erantzuna gehiago estutu eta «¿quieres que te la rompa?» bitan esatea. Askatzean oso handituta neukan. Zorionez, prest zeuden erizaintzako ikasleek izotza eta nolotil bat eman zidaten. Ogi denda bateko zerbitzariak izotz gehiago eman eta Bilboko norabidea hartu genuen. Ez genuen bertako erietxe batera joan nahi. Konfiantzazko medikuak zaintiratua neukala esan zidan eta antinflamatorioek eta gel hotzak bere lana egin dute. Gau zirraragarria izan zen, emozio eta kontraste handikoa.