GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Iker Bizkarguenaga Kazetaria

Krisiaz oroitzen al zarete?

Nola ez dugu, ba, gogoratuko, bete-betean sartuta bagaude? Ez al dituzu langabeziaren datuak ikusi? Hauxe erantzun logikoa hasierako galderari. Baina ni aurreko krisiaz ari naiz, duela sei urte kolpatu gintuenaz. Zoratuta al zaude? Krisi berbera da-eta, orduan hasi eta oraindik harrapatuta gaituena. Hau ere baleko erantzuna. Baina... egia al da krisi berbera direla hura eta hau?

Gogora dezagun 2007 bukaeran (Ameriketako Estatu Batuetan) eta 2008 hasieran (Europan) nagusi zen giroa. Zabor hipoteken burbuila lehertu berria zen, urte askotan enpresa handiek eta bankuek egindako jukutriak ageri-agerian zeuden, eta errudunak zeintzuk ziren galdetuta, mundu guztiak zekien hatza norantz luzatu. Sarkozyk berak kapitalismoari buelta bat eman behar ziotela esan zuen, eta Hollywooden enpresaburu maltzurrak agertzen ziren filmak egin zituzten -«Margin call» bikaina barne-. Lehman Brothers, AIG eta halakoen gainbehera izan zen, eta rating agentziek eurek ere ez zuten fama onik.

Eta orain? Non daude horiek guztiak? Enpresaburuek enpresaburu izaten segitzen dute, poltsikoa beteta erretiratu ez direnak, eta Moodys-ek eta Standard & Poor's-ek munduan agintzen dute. Zinemetan nerabe zonbi baten filma dago ikusgai.

Administrazioa, instituzioak, dira orain arazo iturri. Zerbitzu publikoak, beraz. Gu geu, orduan. Porrot egindako bankuak gure diruarekin «erreskatatu» ondoren, estatuek -Europako periferiakoak, batez ere- defizit handiegia dutela, gehiegi gastatu dutela eta murrizketak eta erreformak ezinbestekoak direla da oraingo leloa. Troika da trending topic eta Sarkozyri orduan esandakoa gogoraiozue, eta ikusiko duzue nolako algarak egingo dituen. Zorrotz zigortu beharreko akats pribatu larri bat -zigortu beharrekoa, gizartean eragin oso kaltegarria izan zuelako- arazo publikoa bihurtu dute. Gure arazoa.

Eta oraindik ere kalean, tabernan, auzokideei galdetu ezkero, baten batek egia dela esango dizu, urte askotan «ondoegi» bizi izan garela eta orain, noski, fandangoaren buelta datorrela. Ez du gogoratuko lagunak «mileurismoa» aurreko hamarkadako asmakizuna izan zela.

Gaur igandea da, eta eguraldi ona egingo balu, marianitoaren orduan terrazak beteta leudeke. Krisiaz ari gara egunero baina esango nuke krisian, benetan, gu geu gaudela krisian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo