Mundumob ekimenak iraunkortasunaren alde dantzan jarriko du Gipuzkoa
Datorren larunbatean Oreindainen abiatu eta ekainaren 8an Donostiara iritsi artean, Gipuzkoa zeharkatuko du Mundumobek, mundu bola irudi gisa eta «Eman hartu nahi duzun mundua» lelo gisa dituela.GARA | USURBIL
Gipuzkoa Zero Zabor taldeak Mundumob ekimena aurkeztu zuen atzo Zubietan egindako agerraldian. Gipuzkoa zeharkatuko duen ekimena da hau, iraunkortasunaren aldarrikapena herriz herri eta txokoz txoko eraman nahi duena. «Guztiok daukagu mundua aurreko belaunaldiek jaso zuten aukera berdinekin jasotzeko eskubidea, eta ondorioz, guztiok daukagu mundua hurrengo belaunaldiei jaso dugun aukera berdinetan uzteko bete beharra», aitortu zuten, aurkeztutako ekimenaren helburu nagusia laburbilduta. Hori hala, ideia hori «Eman hartu nahi duzun mundua» leloan laburbildu dute.
Jakinarazi zutenez, ekimenaren printzipioak finkatu nahi izan zituzten, herritar eta eragileak izango baitira horiei atxiki eta helburu eta ekintza zehatzak antolatuko dituztenak.
Aurreratu zuten herritarrei helarazi nahi dieten mezuaren bektore nagusia herritarrek gorpuztuko duten kantu koreografiatua izango dela. Karlos Gimenezek egin, Jon Maiak letraz jantzi eta Ze Esatek taldeko Jabik eta Gose taldeko Inesek abestuko duten kantuarekin dantzatuko dute, Mikel Erguinek osatutako koreografiari jarraituz.
Halaber, eskuz esku ibiliko den mundu bola bat izango da mezua han eta hemen zabaltzen lagunduko duena.
Ibilbideari dagokionez, datorren larunbatean, hilak 4, abiatuko da Orendainen, herri horretan egindako lanari aitortza egiteko. Izan ere, Gipuzkoa Zero Zabor taldearen esanetan, Tolosaldeko herri hau eredu da Gipuzkoan eta Euskal Herri osoan, erakutsitako konpromisoagatik. Hondakin organiko guztia herrian tratatzen dute Oreindainen eta «ez dute beste herrietara organiko tona bakar bat usteltzera bidaltzen».
Ekainaren 8an, berriz, Donostian egingo dute amaiera ekitaldia. Herritarrei eta sortutako hondakin kopuruari dagokionez, herririk handiena dela gogora ekarri zuten, «praktika on eta eredugarriak ezinbestean aplikatu behar diren tokia, beraz». Donostiak, 2016an Europako Kultur Hiriburu izatearekin, bere buruari erronka polita jarri diola gogora ekarri zuten. «Guk gure ekarpena egin nahi diogu izendapen horri, kulturak eta jakintzak nekez egiten baitute bat utzikeria eta zabarkeriarekin». Amaiera ekitaldia hiriburuan eginda Donostia zero zabor norabidean jartzeko euren ekarpena egin nahi dute.