GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Ampok Ordiziak Gipuzkoako errugbiaren hiriburu izaten jarrai dezan nahi du

Ampo Ordiziak bigarren urtez jarraian jokatuko du Kopako finala. Iaz irabazi egin zuten gipuzkoarrek eta aurten eutsi egin nahi diote joan den urtean eskuratutakoari. Etzi jokatuko dute goierritarrek Santanderren, El Sardinero zelaian, Valladolideko Quesos Entrepinares-en aurka.

p040_f01.jpg

Jon LEUNDA

Aste berezia da Ordizian, etzi Santaderren Kopako finala jokatuko baitute Quesos Entrepinaresen aurka. Ordiziako 3.000 jarraitzaile inguru espero dituzte Kantabriako hiriburuan, eta hori izan da aste honetan Goierri aldean kontu nagusia.

«Egia esan, hortik pixka bat aldentzen saiatu gara. Igandekoa egun polita da, eta jendeak duen ilusioa ere ikaragarria da, baina batzuetan burua ere freskatu behar da, eta horretarako onena giro horretatik aldentzea izaten da», esan zuen Axio Arañak, Ordiziako entrenatzaileak.

Etziko eguna, iazko finala bezalaxe, gogoangarria izatea espero du entrenatzaile gipuzkoarrak. «Badakigu partida zaila izango dela. Ligan erakutsi du Quesos taldeak nolakoa den, baina partida batera jokatuta, edozer gerta daiteke. Guk sekulako ilusioa daukagu. Iaz ez zeuden jokalariek ere ikusi dituzte iazko finaleko irudiak, konturatu dira hau guztia zer den, eta taldean daukagun ilusioa ikaragarria da», adierazi zuen Ordiziako entrenatzaileak.

El Sardineroren mailako zelai batean jokatzeak ere beti ilusioa egiten duela onartzen du Axiok, nahiz eta zelai txikiago batean jokatzea nahiago zukeela esan zuen. «Egia esan, denontzat da polita El Sardinero bezalako zelai handi batean jokatzea. Normalean guk ez dugu horrelako zelai batean jokatzen, baina agian txikiago bat nahiago nukeen. Dena dela, biontzat berdina izango da. Seguru asko ere, gure aldeko zale gehiago egongo dira, eta beraiek ere ez daude ohituta honelako zelai batera. Alde horretatik ere indarrak parekatuko direla uste dut», aitortu du Altamirako taldearen aulkiko nagusiak. Berak garbi dauka, honelakoetan ez dela faborito garbirik izaten. «Honelako finalak bereziak dira. Dena partida batean erabakitzen da, eta hor baldintza asko elkartzen dira. Honelakoetan ez dut uste faboritorik dagoenik, eta edonork irabaz dezakeela uste dut. Bi taldeak ohituta gaude finalak jokatzera. Guk iaz bi jokatu genituen; beraz, badakigu zer den, eta alde horretatik ere ez dut alderik ikusten», onartu zuen.

Ordiziari Ligan erregulartasuna falta izan zaio, eta alde horretatik kritikak ere jaso ditu, eta horiek ulertzen dituela onartu zuen Arañak. «Iaz Ligako finala ere jokatu genuen, eta aurten lehen fasea bosgarren amaitu dugu. Beraz, alde horretatik normala ere bada. Dena dela, guk ere aurkako baldintza dezente izan ditugu. Uste baino gehiago aldatu behar izan dugu taldea, lesioak ere ugari izan ditugu, eta hori dena ordaindu behar izan dugu», azaldu du.

Joan den astean Vigon hartutako astinduak ere ez duela inolako zerikusirik izango adierazi zuen. «Vigora partida hau buruan genuela joan ginen. Jokalari dezenteri eman genien atseden, etzi ongi egoteko. Ezin dut esan partida oparitu genuenik, baina ez ginen gure baldintzarik onenean joan. Hura erabat ahaztuta daukagu, eta gainera Kopak ez dauka Ligarekin zerikusirik», esan zuen.

Quesosi aurre egiteko zer egin behar den ere garbi dauka: «Atzean lan handia egin behar dugu, eta hori badakigu. Eginbehar hori ongi egiten badugu, geure aukerak izango ditugu, eta horiek baliatu behar ditugu. Uztartzeetan ere baloia eskuratzen saiatu behar dugu, baita eskasetan ere. Partida zaila izango da, iaz izan zen bezalaxe, baina badakigu guk ere irabazteko aukerak izango ditugula, eta amets horrekin joango gara».

Gipuzkoarrek denboraldian zehar lesio ugari izan dituzte, baina jokalari gehientsuenak berreskuratu dituzte. Horrek konfiantza ematen die goierritarrei. Aurten, gainera, Ligan ez dute izango finalera iristeko iaz adina aukera, azken fasea final-laurdenetatik hasi beharra dutelako, eta beti kanpoan jokatuz gainera. Orain, ametsa iaz lortutako Kopari eustea da, eta Kantabriako hiriburura doazen zale horiei guztiei eta joaterik ez duten guztiei eskerrak eman nahi dizkie, titulu handi bat lortuta. Iazko ametsa egia bihurtu zen; ea ba, aurten ere horrelaxe gertatzen den.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo