GARA > Idatzia > Kultura

35. Euskal Herriko Eskulangintza Azoka bikaintasunaren bila abiatuko da gaur Errenterian

Ereintza elkarteak 35. urtez antolatzen duen Euskal Herriko Eskulangintza Azoka igandera arte izango da zabalik Merkatu Zaharrean. 46 artisau arituko dira bertan lanean, horietatik 19 lehenengo aldiz.

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Bikaintasuna eta berrikuntza ditu helburu gaurtik igandera bitartean Euskal Herri osoko artisauak biltzen dituen azokak. 35 urtetan zehar ospatzeak «beti zerbaitetan aitzindari» izatera bultzatzen dituela azaldu zuten atzo antolatzaileek, eta horregatik, aurtengoan «normalean azoketatik kanpo edo goi mailako lanetan» aritzen diren artisauak izango dira gonbidatuen artean. Artiola artisautza guneko kide da Ereintza eta bere berrikuntza helburuekin jarraitzea du xede. 35.000 euroko aurrekontuarekin, 16.30ean zabalduko ditu ateak, 18.00etan izango da inaugurazioa eta asteburuan goiz eta arratsaldez izango da irekita, 2,50 euroko sarrerarekin.

46 artisau izango dira guztira, horietatik 19 lehenengo aldiz. Aipatzekoa da, halere, urtetik urtera egiten den txandakatzea ere, iaztik bederatzi artisauk bakarrik errepikatuko baitute. Antolakuntzak bertan jendaurrean lan egiteko eskaera egiten diete, eta, beraz, buztinaz, harriaz, zuraz, burdinaz, beiraz, ehunez, paperaz edo larruaz lanean ari direla ikusteko aukera izango da hiru egun hauetan.

Berrikuntzari lotuta, horien artean dira, besteak beste, altzariak egurrezko palet birziklatuekin egiten dituen Paleike, zura torneatuz diseinu ikusgarriak lortzen dituen Marcel Tambourin, saskigintza gaur egungo materialetara egokitu duen Idoia Cuesta, goi mailako joskintzako kapelagile Charo Iglesias edota Noaingo Lamoona tailerrean pertsonalizatutako surf taulak egiten dituen Pedro Larreta.

Sariak eta zozketak

Ereintza elkarteak bi sari banatuko ditu aurtengo ekitaldian ere. Batetik, artisau-produktuaren kalitatea saritzen duena, 350 eurokoa. Bestetik, erakusmahai onenarena, 250 eurokoa. Larunbat arratsaldean emango ditu jakitera. Bestalde, bisitarien artean ere 60 euroko erosketa-txartelak zozketatuko dituzte, goiz edo arratsalde bakoitzean bana; guztira bost, beraz.

Erakustazokaren kanpoaldean zenbait ikuskizun ere izango dira, barruan standa izango duten bi artisauen eskutik. Betiarteko Carlos Irazuk, egurrezko eskulturak egingo ditu bere motozerrarekin. Bestetik, Oier Elorduy forjariak lan klasiko eta berritzaileak aurkeztuko ditu burdina jotzeko teknika tradizionala erabiliz.

Artiolak martxoan Errenterian bertan ospatutako jardunaldiei jarraipena emanez, orduan egindako «Kaikua oinarri» diseinu lehiaketaren erakusketa ere egingo da. Gainera, Jon Joseba Arakama erakusleiho-dekoratzailearen laguntza izan dute antolakuntzan.

«EZOHIKOAK»

Artisauak bertan arituko dira lanean. Azoketan «ohikoak ez direnak» ere izango dira, horien artean, goi mailako joskintzako kapelagile Charo Iglesias.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo