GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Herritarrekiko konpromisoa erakusteko batzordea

Arrazoi ugari daude euskal presoen eskubideen alde agertu eta ekiteko: besteak beste, legediek hala jasotzen dutelako, gutxieneko gizatasunak hala eskatzen duelako edo Euskal Herrian abian den prozesua bermatzeko beharrezkoa delako. Dozenaka erakunde politiko, sindikal eta sozialek, hainbat instituziok eta Euskal Herriko eta nazioarteko pertsona ezagun askok eskatu dute euskal presoen eskubideak errespetatzeko; aldarrikapen horrek, gainera, jendetzarik handiena bildu izan du Euskal Herriko kaleetan. Hori guztia eta eskubide urraketarik latzenetako bat gaixotasun larriak dituzten presoek jasaten dutena dela kontuan izanda, preso horien herrietako alkateek osatu duten batzordea urrats esanguratsua da eta, beren herritarren ordezkari gisa, alkate horien erantzukizunezko jarduna. Alkateen batzordeak kartzelan gaixotasun larriak jasaten dituzten herritar horiekiko konpromisoa alderdi eta erakundeetara zabaldu nahi du, eta hartarako preso horien baldintzapeko askatasuna lortzeko inplikazioa eskatuko du; halaber, nazioarteko erakundeetara ere joko du. Anjel Figeroaren eta Xabier Lopez Peñaren heriotzak gaixo dauden presoen -eta oro har euskal presoen- egoeraren erakusgarri tamalgarria dira, eta euskal gizartearen horiekiko kezka, gero eta handiagoa. Kezka horrek erakundeena ere izan beharko luke, alkate horiek ulertu duten bezala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo