GARA > Idatzia > Ekonomia

Kaleratzeen ondotik, Corrugados Lasao itxiko duten beldur dira langileak

Duela bi aste jakin zuten Corrugados Lasaoko langileek Gallardo taldeak 38 pertsona kaleratu nahi dituela, eta, horren atzean, enpresa ixteko asmoa ezkutatzen den susmoa dute. Bideragarritasun plan bat exijitzen dute, ziur baitaude lantegiak etorkizuna baduela.

p027_f01.jpg

Iraia OIARZABAL | AZPEITIA

«Corrugados Lasao hiltzen lagako dute». Hori da langileen artean gailentzen den sentsazioa apirilaren 23an 38 pertsona (guztira 68 dira) kaleratzeko lan erregulazio espedientea jaso ostean. Nolanahi ere, erabakia lehenagotik datorrela uste dute. Horren adierazle da, adibidez, 2012. urte amaieratik produkziorako material berririk eraman ez izana. Enpresa bideragarria dela ziurtatu zuten atzo langileek eta Gallardo taldearen asmo bakarra lantegia ixtea den susmoa agertu zuten.

Lasaoko lantegian ez ezik, Azpeitiko Corrugadosen eta Extremadurako beste bi enpresatan ere aurkeztu du Gallardok lan erregulazio espedientea. Azpeitiko kasuan itxiera planteatzen du eta gainerako hiruretan, lanpostu murrizketa. Enpresa bakoitzak baldintza propioak izan arren, erregulazio espediente guztiak batera negoziatu nahi ditu Gallardok, Madrilen. Hurrengo bilerak maiatzaren 9an, 14an eta 23an izango dira, nahiz eta Lasaoko eta Azpeitiko langileek negoziazioak enpresaz enpresa egiteko eskatu duten.

Enpresaren sarreran egindako agerraldian, erabakigunea Madrilen kokatuta Lasaoko enpresaren emaitzak «Gallardo taldearen zenbaki negatiboekin nahastu eta ezkutatu» nahi dituztela salatu zuten. Aldi berean, «negoziaziorako esparru naturala dena deuseztatu eta mobilizatzeko indarrak ahuldu» nahi dituztela ohartarazi zuten. Lasaoko langileek mobilizazioekin erantzutea erabaki dute eta, aurrerantzean, ordubeteko kontzentrazioak egingo dituzte asteartero eta ostegunero, 13.30-14.30 artean, enpresa aurrean.

Pisu gutxiko argudioak

Langileriaren beste eskakizun bat bideragarritasun plan bat aurkeztea da. Izan ere, ez dituzte fidagarritzat jotzen Gallardok espedientea ezartzeko erabilitako argudioak. Langileek azaldu zutenez, justifikazio ekonomikoetan merkatu espainolaren gainbehera erabiltzen du Extremadurako taldeak. Datuak eskuan hartuta, ostera, Lasaok produkzioaren %70 Estatu espainoletik kanpo saltzen duela jakinarazi zuten. Zehazki, 2011n fakturatutako 64 milioietatik, 44,4 Estatu frantseseko salmentei zegozkien, eta 2012an, 43,7 milioietatik 36,8 fakturatu ziren Estatu frantsesean.

Emaitza horiek kontuan hartuta enpresak etorkizuna baduela sinetsita, bideragarritasun plan bat eskatu zuten langileek, uste baitute, 38 langileentzako espedientea ezarri ostean, egoerak ez duela hobera egingo. «Geldituko liratekeen langileek etorkizun iluna izango lukete» ixte arrisku «larri» baten aurrean.

instituzioei deia

Lasaoko langileak, Azpeitikoekin batera, Lakuako Gobernuarekin bildu ziren aurreko astean, baina ez zuten erantzun garbirik jaso. Hala ere, ez dute etsi eta Lasaoko lantegiaren etorkizunarekin ere konprometitu daitezela eskatu diote.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo