GARA > Idatzia > Euskal Herria

Osasun sistema publikoa aldarrikatuko dute astero Nafarroako osasun etxeetan

Osasun publikoak Nafarroan pairatzen dituen erasoak salatzeko ekimen berri bat jarri dute martxan. Asteazkenero elkarretaratzeak egingo dituzte maiatzean eta ekainean osasun etxeen aurrean, gizarteari Osasunbideak dituen arazoen berri emateko.

p012_f01_148x116.jpg

Martxelo DIAZ | IRUÑEA

Osasungintza publikoa defendatzeko elkarretaratzeak egingo ditu astero Nafarroako Osasun Plataformak, herrialdeko osasun etxeen atarian, atzo jakinarazi zutenez.

Maiatzean eta ekainean zehar egingo dira elkarretaratze horiek, asteazkenero, 10.00ak eta 11.00ak artean, baina hamar minutukoak. «Zentroetako langileei ez ezik, Osasunbideak erabiltzaileei ere parte hartzeko gonbita egin nahi diegu, guztiok interes berbera baitugu», nabarmendu zuten Nafarroako Osasun Plataformako kideek atzo Sanduzelaiko Begoña Garcia osasun etxean egin zuten agerraldian.

Asteazkenero, gai bat landuko da elkarretaratze horietan, «Osasunbideak jasaten dituen hutsune edo arazoetakoren bat salatuko dugu: itxaron zerrendak, laborategien eta sukaldeen pribatizazioa, hitzarmenak, kopagoa, eta abar». Hilaren 8an oinarrizko arreta eta osasun etxeetako arazoak salatuko dituzte eta Sanduzelain deitu dute elkarretaratze nagusia. Hurrengo asteetan, beste osasun etxeetan egingo dute.

Oinarrizko arreta

Oinarrizko arretarako plangintza bat egin zela gogorarazi zuten. «Sariak eta guzti irabazi zituen, baina martxan jartzeko garaian krisia heldu zen eta orain dirurik ez dagoela diote», azaldu zuten.

Gauzak horrela, ordezkapenak soilik %12ra heltzen dira, eta langileei hutsune horiek betetzeko ahalegin handia eskatzen zaie.

2008an Nafarroan BPGaren %4,9 baino ez zen inbertitzen osasun publikoan. Estatuan, berriz, %6 eta Europar Batasunean, %7,9. «Okerrera egin dugu ordutik», esan zuten. Munduko Osasun Erakundeak osasungintzan inbertitzen den diruaren %22 lehen arretan egitea gomendatzen du. «Nafarroan %16-%18an gaude. Aditu guztiek lehen arretan inbertitzen dena sistema guztiaren mesederako dela nabarmentzen dute».

«Hauek osasun sistema publiko batek berezkotzat ez dituen hutsune edo arazoak direla esan behar dugu. Batez ere, kudeatzaileek nahiz politikariek sortutakoak dira. Eurek hartutako erabakiek sortu dituzte salatuko ditugun arazo hauek guztiak; beraz, beraiek dira erantzule bakarrak», gaineratu zuten.

«Osasun Sailaren buruzagitzan Marta Vera kontseilaria egotea osasun sistema publikoaren desestrukturazioan zoritxarreko mugarri izan bada ere, aspalditik zetozen arazoak ere badira. Hala ere, kontseilari honek egoera are larriago bilakatu du», nabarmendu zuten.

gizarte taldeak

Nafarroako Gobernuak errenta aitorpenaren %0,7aren gaineko legea betetzen ez duelako, larrialdi egoeran daudela salatu zuten atzo Parlamentuan gizarte taldeek. «Ito egiten gaituzte eta, gurekin batera, jende asko».

asteazkenero

Maiatzean eta ekainean zehar asteazkenero 10.00ak eta 11.00ak artean hamar minutuko elkarretaratzeak egingo dituzte Nafarroako osasun etxeen atarietan herritarrei Osasunbideak pairatzen dituen arazoen berri emateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo