GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gailu berria, gaixoek etxetik monitorizatzeko

GARA | DONOSTIA

Nanoteknologiaz baliatuta, gaixo kronikoei beren osasuna etxetik monitorizatzeko aukera emanen dien sistema bat sortu dute Onkologikoa, Ikerlat, Polymers, Gaiker-IK4, Enkoa, Kernet eta Deusto Tech-Life euskal enpresek. Heldu den urtean jendearentzat eskuragarri jarriko dutela iragarri dute.

Iaz hasi zuten egitasmoa, Lakuako Gobernuaren 1,3 milioiko inbertsioarekin, osasun parametroak pertsona dagoen lekuan bertan monitorizatzeko dispositibo eramangarri berri bat sortzeko asmoz. Helburua erabiltzaileak odola edo pixa etxean bertan begiratzea eta erietxeko profesionalek momentuan, bide telematikoz, analisiaren emaitza izatea da. «Tele-test» behin-behineko izena jarri dioten sistema honekin, gaixotasun kronikoak dituzten lagunen bizi kalitatea «nabarmen» hobetuko dela azaldu dute, ospitaleratzeei eta kostuei dagokienez. Medikuntza pertsonalizatua ahalbidetzen duten tresnak bilatzea sustatu dute, diagnostikoa, pronostikoa eta tratamendua hobetzeko, biomarkatzaileen erabileraren bidez.

Biomarkatzaileak odolean eta bertze fluido batzuetan (gernua eta listua) dauden molekulak dira. Prozesu patologikorik edo horretarako arriskurik baden edo norbaitek terapia zehatz bati nola erantzuten dion erakusten dute. Biomarkatzaile batzuek garrantzi berezia hartu dute, hainbat prozesu biologikotan immunomodulatzaile gisa esku hartzen dutelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo