GARA > Idatzia > Euskal Herria

Iratiko eta Cabraleseko gonbidatuekin ospatuko dute Idiazabalgo Gazta Eguna igandean

GARA | DONOSTIA

Hogeita lau gazta dastatu eta, nahi izanez gero, herri epaimahaiko kide gisa hitza hartuko dute herritarrek Idiazabalgo XVI. Gazta Egunean. Koldo Lizarralde Nekazaritza eta Landa Garapeneko zuzendariak, Ioritz Imaz alkateak eta Joxe Mari Ustarroz Idiazabal sor-markako presidenteak igandean izanen den jai honi buruzko xehetasunak eman zituzten atzo, Donostian egindako aurkezpenean.

Egitaraua goizeko hamarretan hasiko da eta gazta probatzeko gogoz dauden guztiek hartuko dute parte. Txartelak salduko dituzte 2 euroan sei gazta dastatzeko. Iazko edizioan Euskal Herri osoko artzainek egindako 500 kilo gazta inguru jarri zituzten eskura, Artzai Gazta elkarteko kideenak, baita herrikoenak ere, bertako sor-marka dutenak. Aurten, gonbidatu gisa, beste bi sor-marka etorriko dira Gipuzkoako herri honetara, Asturiasko Cabrales eta Iratiko Azkorria.

Sustatzaileek kontatu zutenez, eguna erakargarri egiten duten gauzetako bat jaki estimatu hau nola egiten den bertatik bertara ikusi ahal izatea da. Jesus Aranburuk antzinako erara eginen du, Ander Barandiaranek modu modernoagoan, eta ketzeko teknika erakusteko etxola bat eraiki dute.

Mamia nola egiten den ikasteko eta jateko aukera emanen dute, eta bestelako ekintzak ere izango dira, euskal arrazako txakurren erakusketa eta ardien ile mozketa, adibidez. Eztia, txokolatea, ogia, euskal pastela, txakolina, sagardoa eta ardoa izango dira gozagarri.

Festa honen berezitasunetako bat artzainek egunero egin behar izaten dituzten lanak zuzenean ezagutaraztea da. Goizean, esaterako, artzain batek ardiak gidatuko ditu bere txakurrekin eta behorrarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo