Irratiak ezbaian, Bilbo Hiriak atondutako mahai inguruan
Alvaro HILARIO | BILBO
Bilboko Kafe Antzokiak hartu zuen atzo Bilbo Hiria Irratiak bere 16. urteurrena ospatzeko antolaturiko mahai ingurua. Mieltxo Monfort moderatzaile lanean, Infozazpi Irratiko Xabi Abasolok, euskarazko tokiko hedabideek osatzen duten Tokikom-eko presidente Mikel Irizarrek, Tas-Tas Irrati Libreko Iñigo Muñozek eta Bilbo Hiria Irratiko Jabier Zabalak hartu zuten parte, eta telefonoz egindako kolaborazio pare bat ere izan ziren. Bi gai nagusi izan zituzten hizpide: batetik, lizentzien banaketarako Lakuako Gobernuak deitu zuen esleipen prozedura (aurrerago bertan behera utzi zutena) eta Nafarroan izandakoa, Euskalerria Irratia (Iruñealdeko irrati euskaldun bakarra) lizentziarik gabe utzi zuena. Bestetik, Euskal Irrati txikien egoera eta etorkizuna izan zen jorratutako beste gaia.