Senegalgo ustelkeriaren aurkako borrokak kezka ugari eragiten ditu
Senegalgo Gobernu berriaren ustelkeriaren aurkako gerra justizia lortzeko ahalegina ala «sorgin ehiza» da? Karim Wade Abdoulaye Wade presidente ohiaren semea bidegabe aberastea leporatu ondoren atxilotu izanak herrialdean eragindako galdera da.
Saliou TRAORE (EFE) |
Dakarko Exekutiboaren jarrerak agerian uzten du zigorgabetasunarekin eta ustelkeriarekin bukatzeko borondatea, TI Nazioarteko Gardentasuna gobernuz kanpoko erakundeko kide den Foro Zibilak uste duenez. TI erakundeak iaz egin zuen Ustelkeriaren Pertzepzioaren Indizearen arabera, 176 herrialde ageri diren zerrendan Senegal 94. postuan dago, 36 punturekin.
«Bat egiten dugu Gobernuaren politikarekin. Justizia bere lana egiten ari da, Afrikan ez baitzen ezaguna Karim Wade bezalako pertsona bat atxilotzea», adierazi du Thialy Faye Foro Zibileko kideak. Ndeye Fatou ingurumen konpainia publiko bateko arduraduna ere bat dator: «Kontuak emateko garaia iritsi da azkenean». Fatouk dio Macky Sall presidente berriak iragarri zituen ustelkeriaren aurkako neurriak hartuko zirenik ez zuela uste.
Gobernuak esan du delitu ekonomikoak egin dituzten guztiak eramango dituztela epaileen aurrera, baina horretarako pazientzia eskatu du. Presidenteak ere ustelkeriaren aurkako borrokarako borondatea azaltzen du.
«Garaileen justizia» da Gobernua egiten ari dena, Waderen PDS Senegalgo Alderdi Demokrataren iritziz. Baita «sorgin ehiza» ere. Oumar Sarr PDSko koordinatzaileak adierazi du «Waderen atxiloketa ekimen politikoa» izan dela. Ideia horietatik abiatuta, alderdiak Waderen askatasuna exijitzeko manifestazioa antolatu zuen apirilaren 23an. Milaka lagun elkartu ziren bertan.
Karim Wadek 2002an utzi zuen Londresko banku batean zuen lana, aitaren Gobernuan sartzeko. Finantza-aholkulari denez, 2004an Batzar Islamikoko Erakundeko Agentziako presidente izendatu zuten. Garai hartako jarduerak dauka espetxean.
Beste zazpi lagunekin batera, bere aitaren agintaldian ministro izan zen Karim Wade hiriburuko Rebeuss espetxean daukate, CREI Bidegabeko Aberastearen Auzitegi Penalera eraman aurretik.