«Home sweet home» filmarekin hasiko da Fant Bilboko Zinemaldi Fantastikoko sail ofiziala
David Morley zuzendari frantsesak enkarguz egindako filma Estatu espainolean lehen aldiz ikusteko aukera izan ostean, Brandon Cronenbergen «Antiviral» eta Paul Hyetten «The seasoning house» izango dira ikusgai.Alvaro HILARIO | BILBO
Behin film laburrak nagusi izan diren jaialdiko aurreneko bi egunak amaituta, David Morley zuzendari frantsesaren «Home sweet home» lanak zabalduko du gaur, 17.30etan, Fant Bilboko Zinemaldi Fantastikoko sail ofiziala. Emanaldia Estatu espainoleko premiere edo estreinaldia izango da. Segituan, Brandon Cronenbergen «Antiviral» (bere aita Daviden ohiko osagaiak omen dakartza) eta Paul Hyetten «The seasoning house» sartuko dira lehian. Hirurak izango dira ikusgai Bilboko Alondegian.
«Home sweet home»
Donostiako Beldurrezko Zinemaren astean, duela lau urte, «Mutants» filma aurkeztu zuen David Morley zuzendaria Bilbon da egunotan «Home sweet home» bere azken lana aurkezten. Aurrekontu urriko proiektua da eta hamabi egun eskasetan filmatu zuen Toronton, berarekin harremanetan zeuden ekoizle kanadarrek egindako enkargua betez.
Artisauek ohi duten bezala, ondo egindako filma da Morleyrena, aparteko ezusterik eskaintzen ez duen arren. Antzeko beste lan ugaritan gertatzen den bezala, kontakizun guztia etxe baten barnean igarotzen da, giro itogarrian. Odola, torturak eta horrelako lanetan ohikoak diren gainontzeko osagai guztiak aurkituko dituzte ikusleek.
Bilboko hedabideekin izandako solasaldian, filma aztertu zuen atzo David Morleyk. «Enkarguzko filma izanik, generoaren kodeak errespetatu nahi izan ditut. Hori bai, gauzak ondo egiten, era zuzen batean egiten, saiatu naiz. Ez dut genero honetan ohikoak ez diren osagairik sartu nahi izan. Ingelesez egin dudan lehen filma izanik, enkargua izanik, ez dut arriskatu nahi izan», esan zuen filmaren nondik norakoak azalduz.
Bestalde, zuzendariak berak onartu zuen bezala, AEBetako publikoari begira egindako filma dugu «Home sweet home», hots, edozeinek ulertzeko modukoa eta klase ertaineko estatubatuarren ohiko beldurrak jorratzen dituena. Bihotzari ezusteren bat eman nahi izatekotan, ez izan zalantzarik: Morleyren filmak ez dizue huts egingo.