GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Eskuetarako bideak

Gero eta gehiago kostatzen zait euskal politika ulertzea. Zin dagit, eta ez legearen aginduz honetan. Bai, Europako Banku Zentralak diruaren prezioa jaitsi arren, niri behintzat gehiago kostatzen zait politika horrena ulertzea. Kolpea gero, diruak prezio diferentea izatea egunetik egunera! Hala ere, dirutan ordaindu behar beti prezioak, burbuila batean bizi ez bazara, sikiera. Amen. Tira, hemengo politikaren harira. Ajuria Eneko maizterra noraezean da itxura batean, eta ez da harritzekoa, jauregitik irten eta edonondik abiatuta ere, hamaika biribilgune baitira lehenengo bidegurutzera heldu baino lehen. Eta euskaraz hamaika asko da gero! Ez, ez da erraza, herri honetako hegoaldean behintzat, gutxienezko bide-orri bat adostea, hainbeste biribil eta gurutzerekin, eta gainera, semaforoen gorria ere! Kieto parao! Ene, ene! Errazagoa litzateke bidaia-orri bat adostea, politikari gehienak jubilatzean behintzat! Baina horrek ere itxaron beharko du, gure beheko Estatuan erabakitzear dutelako erretiro-adina luzatzea. Eta han behean erabakia dena gero hemen agindua da, hemengoek gutxienezko bide-orri bat adosten ez duten bitartean, behinik behin. Bitarte horretan bidaia egin lezakete erretiro mugatik gertu diren politikariek, baina ez batzuen Mediterraniora, besteon Iparraldera baino. Aukera ezin hobea izango lukete orduan alde batekoen erakundetze gabeko gobernantza eta beste aldekoen gobernantza gabeko erakundetzea alderatzeko.

Ama, ama! Noiz izango dira legebiltzarrak gobernuz kanpoko erakundeak? Noiz gobernuak merkatuz kanpoko erakundeak? Noiz merkatuak publikoaz barruko erakundeak? Noiz azoka? Galdera berri larregi erantzun zaharrez erantzuteko. Tira, harira! Ajuria Eneko maizterra ezin ulertuan nabil. Atzo bidaide bi nahi zituela esan, basamortuko zeharkaldia egiteko, eta gaur bidaide guztiak tropelean joateko deia luzatu. Atzo bidaia sidekar-moto batean egin gura eta gaur autobusean. Bai, biribilgune asko buruan! Batzuetan aitzakiak ere merkeak, are gehiago Europako Bankuaren erabakiarekin. Hara, greba egitea eskubidea da, jakina, bai noski, nola ez, horixe baietz... baina erabili behar ez den eskubidea beti ere. Edo, bestela, behar ez denean erabili, demontre, ez lehenago. Ama, ama! Eskubideak eskuetara ailegatzeko bide bihurtu dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo