GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

eskubideen aldeko dinamikak

Urtza Alkorta gaztea babesteko giza harresia, Ondarroaren bihotzean

Paradigma aldaketa hemen da. Donostiak irekitako bideari tinko eutsi zioten atzo Ondarroara iritsitako ehunka lagunek. Elkartasunak konpromiso aktiboari eman dio bidea, oraingoan Urtza Alkorta gaztearen inguruan, Ertzaintzari oztopo egiteko pronto.

p006_f03.jpg

Mikel PASTOR | ONDARROA

«Herri harresiak» Euskal Herriko ageriko errealitatea direla baieztatu da Ondarroan. Donostiako Bulebarrean Aske Guneak egindako duintasun eta elkartasun erakustaldiari jarraipena eman diote Bizkaiko herri honetan, desobedientziaren aldeko hautuan bide berri eta interesgarria zabalduz. Herriz herriko, auzoz auzoko erantzuna betiko aldatu dela dirudi. Fase berri honetan, elkartasun hutsetik konpromiso aktibora jauzi egitea lortu da, bide horretan ehunka lagunen atxikimendua eskuratuz.

Era berean, badirudi gurean amaitu direla atxiloketa hotz eta bakartuak. Atzo, Urtza Alkorta ondarroarrak gertu-gertutik bizi izan zituen herri honen berotasun eta eztitasuna, Donostiako zortzi auzipetuak duela aste gutxi bizi izan zituzten bezalaxe. Atxiloketen errealitate gogor eta beltzaren aurrean, laranja koloreko erantzun kolektiboa agertu da. Paradigma aldaketaren seinale.

Hazten ari den mugimendua

Ondarroak jarri zuen atzo herri-harresi horren bigarren adreilua, Donostiako zimendu sendoen gainean. Horretarako, goiz-goizetik, dozenaka lagun bilduta zeuden dagoeneko Ondarroako Zumardian. Uste zitekeenaren kontra, aurpegi alaiak. Urtza Alkorta auzokide, militantzia kide edo lagunari babesa emateko gogo bizia igartzen zen giroan.

Hitzordua eguerdian zuten jarria, 12.30ean, eta ordurako giro bikaina zen Zumardian. Bertaratutakoei azken argibideak eman eta korridore erraldoia eratu zuten denek. Momentu horretan agertu zen Urtza Alkorta, animo oihu eta izugarrizko txalo zaparrada artean. Emozioa nagusi, sentimenduak agerian, besarkadak nonahi, militante ondarroarrak eskerrak eman zizkien bildutako guztiei.

Heldu eta berehala eserialdia egin zuten bere inguruan. Erdialdean, protagonista, eta inguruan adin guztietako ehunka lagun bilduta. Nabarmentzekoa, kasu honetan, Bulebarrean gertatu ez bezala, helduak gehiengo izatetik gertu izatea. Bizitzaren paradoxak, gazteen erreleboa nagusiek hartu dute. Adinekoak ere baziren tartean. Horiek lurrean ez, aulkitxo batean eseri ziren, baina betiere babes eremuan.

Alkortak berak hartu zuen hitza: «Donostiako bideari eutsi behar diogu, filosofia bera mantendu behar dugu. Kartzelak husteko garaia da, ez betetzekoa, eta, zentzu horretan, nire egoeran dauden militante guztien kontrako epaiketak amaitu behar dira. Auzoz auzo, herriz herri egin behar diogu aurre egoera honi». Era berean, ekimena «baketsua» dela azpimarratu zuen militante politikoak, eta, hortaz, probokaziotan ez erortzeko eskatu zien bertaratutakoei.

Lehenbiziko alarma faltsua

Hasierako euforia uneak pasata, egoera baretuz joan zen Zumardi inguruan. Jendea multzoka batu zen. Batzuk, zenbait lan (komunikazioa, garbiketa, janaria) antolatzeko, eta beste batzuk, besterik gabe, euren lagunekin berba egiteko, Ertzaintza noiz agertuko zain.

Lasaitasun estu horren baitan, albistea trumoia bezala heldu zen: poliziaren furgonetak kargatuta zeuden, eta bidean ziren ertzainak, Urtza Alkorta atxilotzea helburu.

Erantzuna berehalakoa izan zen. Zumardia utzi eta, erromatar legioen koordinazio eta abiadurarekin, bakoitzak bere lekua hartu zuen. Alabaina, han bildutakoen ezusterako, herri-harresia ez zen plazan bertan eratu, alboan dagoen Plaiko Zubixen (hondartzako zubia) baino. Estrategia, argia: bildutakoen espazioa estutzea, txikitzea, atxiloketa ahal zuten neurrian ekiditeko.

Ez zen hori egiaztatzeko astirik izan, alarma faltsua izan baitzen. Tentsioa gorputzetik astindu, eta lagunarteko giroa itzuli zen plazara.

Sustoa pasata, egitarau oparoaz gozatzeko aukera izan zuten bildutako lagunek. Arratsaldeko seietan, Donostiako Aske Guneko esperientziari buruzko hitzaldia eman zuten Lander Arbelaitz kazetariak eta Beñat Apalategi bertsolariak. Ondoren, zutabe mobilizazioa egin zen herrian zehar, eta txitxarro jana, afaltzeko.

Gaurko goizaldeak berebiziko garrantzia zuen, gaua pasata jendetza bilduko delako gaur Ondarroan urtero egiten den Antxoa Eguna ospatzeko. Bitartean, Ernesto Che Guevara iraultzaileak 1967an esandako hitzak izango dituzte erreferentziatzat Zumardian bildutako lagunek: «Bat, bi, hiru... Aske Gune ugari sortzea da kontsigna».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo