GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Zaballa, Langraizen historia beltzaren jarraipena

Zaballako kartzela oposizio politiko eta instituzionala gorabehera, lege irregulartasunak gorabehera zabaldu zuten. Urte eta erdi igarota, Salhaketak argitaratu duen txostenak erakusten duenez, aurrekoetan salatzen zuen egoerak ez du hobera egin; aitzitik, Zaballako egoera are larriagoa dela agertzen du, Langraizko kartzelan hirugarren graduan daudenen bizi baldintzak okerrera egiteaz gainera. Langraizko kartzelak historia beltza izan du, bertan izandako heriotza ugariak, erasoak eta hainbat irregulartasun direla-eta. Baina badirudi historia ilun hori ez dela amaitu, Zaballan jarraitzen baitu. Presoek jasotako tratutik osasun arreta eskaseraino, egoera negargarria deskribatzen du Salhaketaren txostenak. Bereziki kezkagarria da kartzela horretan edo ospitalera eraman ondoren hildako presoen inguruan izandako informazio ezkutaketa. Izan ere, Madrilgo Gobernuak berak azken urtean gertatutako lau heriotzaren berri eman zuen, baina ez bere ekimenez eta gertatu zirenean, baizik eta oposizioko taldeek eskatu zutelako, eta datu garrantzitsuak ezkutatuz. Behin eta berriz salatutako jarrera horri eusten dio Administrazio espainiarrak, «iragarritako heriotza» horiek saihestea ez dela bere lehentasuna, ezta kezka ere, erakutsiz. Langraizko eta oro har Hego Euskal Herriko kartzelen historia beltza bukatzeko borondaterik ez duela argi utzita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo