Abertzaleen batasunaren aldeko apustua berretsiko du EAk hamargarren biltzarrean
Abertzaleen indarrak metatzeko apustua berretsiko du Eusko Alkartasunak asteburuan Barañainen egingo duen hamargarren biltzarrean, Pello Urizar idazkari nagusiak nabarmendu duenez.GARA | DONOSTIA
Abertzaleen batasunaren aldeko apustua berretsi eta Pello Urizar idazkari nagusiaren postuan mantenduko du EAk asteburuan Barañainen egingo duen hamargarren biltzarrean. Burujabetza helburu dutela nabarmendu zuten atzo Donostian biltzar nagusia aurkezteko egin zuten prentsaurrekoan.
Honekin batera, Barañaingo biltzarrean EAren exekutibo berriko kideak aukeratuko dituzte. Ez da espero aldaketa handirik izatea. Halere, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen Idazkaritza berria jarriko dute martxan.
Pello Urizarrek atzo azaldu zuenez, «Alkartasuna indartuz» lelopean egingo dute Barañaingo biltzarra. «Gure alderdiak azken urteotan egindako lana konplexurik gabe aldarrikatuko dugu», adierazi zuen. Horrela, Bildu eta EH Bildu koalizioen alde egindako apustuaren garrantzia nabarmenduko dute. Hiru txosten bozkatuko dituzte: politikoa, sozioekonomikoa eta estatutuen gainekoa.
Txosten politikoari dagokionez, «burujabetzaren bidean pausoak ematearen aldeko apustua berretsiko da. Indar soberanisten metaketaren alde egingo da», azaldu zuen Urizarrek.
«Dagoeneko gogoetarako denbora amaitu dela eta burujabetzaren aldeko prozesua aktibatu behar dela adierazi nahi du EAk», esan zuen Urizarrek. Horretarako, Barañaingo biltzarrean etapak, eremu administratibo desberdinetan hartu behar diren abiadurak eta helburua lortzeko beharrezkoak diren tresnak izango dituzte eztabaidagai.
Urizarrek aurreratu zuenez, txosten politikoak «burujabetza lortzeko hiru abiadura proposatzen ditu. Ez da kontraesanik gabeko bidea, baina ikuspegi praktiko batetik norabide egokian pausoak emateko aukera ematen du».
«Eskubideen urraketa guztiak desagerrarazteko, biktima guztientzako errekonozimendua eta erreparazioa lortzeko eta Euskal Herriak beharrezkoak dituen elkarbizitzarako markoak eraikitzeko bere kapital politiko guztia mahai gainean jartzeko prest dago EA», gaineratu zuen Urizarrek.
Honekin batera, arlo sozioekonomikoa eta politikoa erabat uztarturik daudela nabarmendu zuen. Katalunian azken urteotan izandako esperientziari begiratu ondoren, «euskal independentismoak bere diskurtsoa arrazoi sozioekonomikoetan oinarritzeko ordua iritsi dela uste dugu. Horrela, Espainiak bermatzen ez duen ongizate maila bat lortzeko independentzia lortzea ezinbestekoa den mezua esparru zabaletan hedatzeko aukera izango dugu», nabarmendu zuen ere EAren idazkari nagusiak.