GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskarak Osakidetzan aurrera egin duela dio planaren ebaluazioak

GARA | GASTEIZ

Osakidetzako lehen Euskara Plana 2005etik 2012ra arte gauzatu zen, eta horren emaitzak ebaluatzeko txostenak dio euskararen erabilerak aurrera egin duela etengabe Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun sistema publikoan 2008tik aurrera. Jose Maria Armentia Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariak eman zuen balorazioaren berri Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumo Batzordearen aurrean. Azaldu zuenez, hizkuntza eskakizunean izan dira emaitzarik onenak, bere garaian lehentasuntzat ezarri zen esparruan, hain zuzen. Aipatutako denbora tartean, bikoiztu egin da lanpostuari dagokion hizkuntza eskakizuna egiaztatu duten enplegatuen kopurua. Orain, Osakidetzako lau langiletik batek du egiaztatua bere profila.

Jakinarazi zuenez, ekainean ekinen diote bigarren Euskara Plana idazteari, hizkuntza eskubideak babesteko eta euskararen erabilera bultzatzeko.

EH Bilduk eskatuta egindako agerraldian, Jon Darpon Osasun sailburuak plan berria urrian kaleratuko dutela iragarri zuen. Koalizioak adierazi zuen jarraipen zorrotza eginen diola, «osasun publikoaren kalitatea neurtzeko ardatz nagusi bat izan behar duelako erabiltzailearen hizkuntza eskubideak betetzeak». Plana «paperean ez geratzeko» eskatuko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo