GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

aizkora Bigarren Maila

Ezuste gutxi izan dira Gipuzkoako kanporaketan

Txapartegi, Zaldua, Irazu, Mugertza II.a, Larrañaga eta Telletxea sailkatu dira finalera.

p036_f01_148x108.jpg

Jon LEUNDA

Ezuste gutxi izan dira Gipuzkoako Bigarren Mailako bi kanporaketetan, aurrez iragartzen ziren ia denak izango dira ekainaren 29an Usurbilen jokatuko den finalean. Mugertza III.a kanpoan geratzea izan da askorentzat ezusterik handiena.

Herenegun goizean jokatu zen lehen kanporaketa Beasainen, eta hango onena Luix Txapartegi izan zen. Begirada asko eta asko Jon Irazurengan zeuden, itxaropen handiak piztu baitira haren inguruan, baina Zizurkilgoak doi-doi lortu zuen finalerako txartela, segundo bakar bategatik hain zuzen.

Lehen postua erraz lortu zuen Luix Txapartegik. Iaz galdu zuen maila nagusia, eta aurten berriro ere onenengana igo nahi du, eta horretarako lehen urratsa egin zuen, nahiz eta gero finala ere irabazi egin beharko duen.

Hurrengo bi postuetarako, berriz, ikaragarrizko emozioa izan zen. Zalduak lortu zuen bigarren postua, baina bigarrengotik bosgarrengora 56 segundoko tartea besterik ez zen egon, eta hor egon ziren Zaldua, Irazu, Lasa eta Eneko Otaño. Finalerako lehen hirurak sailkatzen zirenez, Zalduak eta Irazuk lortu zuten helburua, nahiz eta Lasa Irazurengandik segundo batera geratu zen, eta Otaño, berriz, minutu erdi batera besterik ez. Dorronsorok eta Agirrek ez zuten izan gainerakoekin borrokan aritzeko aukerarik, atzera geratu baitziren. Arratsaldean, berriz, Ugaitz Mugertza izan zen nagusi Beasainen jokatutako saioan. Hemen ere lehen hirurek lortuko zuten finalerako txartela. Lana ere bi saioetan bera izan zen, aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan baitzuen.

Hor ez zen goizeko emoziorik izan. Kasualitatea edo ez, bai Beasaingo eta bai Legorretako irabazleek denbora bera egin zuten. Legorretako saioan Mikel Larrañagak lortu zuen bigarren postua, eta emoziorik handiena hirugarren posturako izan zen, Telletxearen eta Alkizalete II.aren artean. Azkenean, 27 segundoko tartea kendu zion Telletxeak Alkizaleteri, finalean sartuz. Mugertza III.a sailkatu zen asteasuarraren atzetik, finaleko postutik nahiko aparte

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo