Eliza katolikoko kideen sostengua hilaren 18ko deialdiari
GARA | DONOSTIA
Eliza katolikoaren baitako talde, kolektibo eta norbanako ugarik bat egin zuten atzo #M18Plazara ekimenarekin. Donostiako Artzain Onaren katedraletik abiatutako giza katearen bidez, euskal preso politikoei ezartzen dizkieten salbuespenezko neurrien amaiera eskatu zuten Herria 2000 Eliza, Talde Kristauak edo Euskal Herriko Apaizen Koordinakundeak.
Besteak beste, gaixo larriak dituzten presoen askatasunaren eta 197/2006 doktrina bertan behera uztearen aldeko jarrera irmoa erakutsi zuten hedabideen aurrean Mila Elvirak egindako adierazpenetan.
Estrasburgoko Auzitegiak 197/2006 doktrina giza eskubideen aurkakoa dela adierazi bazuen ere, 73 preso oraindik espetxean daudela gogoratu zuen Elvirak.
«Gure fedekideak, batez ere ardurak dituztenak, giza eskubideen defentsan sutsu aritzera gonbidatzen ditugu», gaineratu zuen.
Sindikatuak
#M18Plazara ekimena jendarte alor desberdinetako sostengua jasotzen ari da egun hauetan. Atzokoan Eliza katolikoaren inguruko talde eta kideena izan zen, eta gaur, aldiz, sindikatuek irudikatuko dute deialdiari eskaintzen dioten babesa.
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan elkarretaratzeak egingo dituzte 11.30ean. Bilbon Moyua plazan da hitzordua, Gasteizen Andra Mari Zuriaren plazan, Donostian Bulebarrean eta Iruñean Merinaldeen plazan.
LAB, STEE-EILAS, ESK, EHNE, Hiru, CNT eta Solidari sindikatuetako ordezkariek hartuko dute parte elkarretaratzeetan.
Bestalde, euskal presoeek dituzten eskubideen aldeko elkarretaratzeak izan ziren honako herri eta auzoetan: Trintxerpen (12), Euban (14), Astrabuduan (20), Altsasun (35), Zaldibiab (31), Iruñean (PPren egoitzaren aurrean, 66), Sopelan (24), Astigarragan (14), Añorgan (12), Gernikan (37), Bermeon (20), Iurretan (35), Laudion (38) eta Otxarkoagan (21).
Tartekia
Lehenengo paragrafoa.
Gainerako paragrafoak.