GARA > Idatzia > Kultura

Ericeren lanak, Filmategiaren 35. urteurrena ospatzeko

Victor Erice zuzendari donostiarra da Euskadiko Filmategiaren gonbidatu berezia. Duela 40 urte «El espíritu de la colmena» klasikoa estreinatu zuen Ericek Donostiako Victoria Eugenia antzokian, eta atzo ere pantaila berean ikusteko aukera izan genuen, «La morte rouge» filmarekin batera.

p039_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Hilabete honetan 35 urte beteko dira hainbat kultur ekintzaile euskaldunek Euskadiko Filmategia martxan jarri zutenetik. Hori ospatzeko prestatu duten egitarau xumearen barruan, Victor Erice zuzendariaren lanak proiektatu zituzten atzo Donostiako Victoria Eugenia antzokian.

Emanaldi bikoitza izan zen, eta lotura handia duten bi film ikusi ahal izan ziren. Lehena, «La morte rouge» izan zen, 2006an filmatutako iraupen ertaineko lana. Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiaren zuzendariaren esanetan, bertan, egileak zinemari eta bere hiriari omenaldi bat egiten die. Ordu erdian pantailan ikus dezakeguna dokumental autobiografiko bat da, non deskribatzen diren Victor Erice txikiak, 5 urte zituela, Kursaal Kasinoko pantailan zinema deskubritu zueneko sentimenduak.

«La morte rouge»-ren ostean, «El espíritu de la colmena» filma proiektatu zuten, egilearen pelikula klasikoa. 1973. urtean estreinatu zuen Ericek Zinemaldiaren barruan, atzoko emanaldia izan zen antzoki berberean. Victoria Eugenia Kursaal Kasinoa zegoen lekutik gertu dagoelako, film hura estreinatu zuenetik 40 urte pasatu direlako, eta bere azken lanarekin tematikoki zerikusia duelako, erabaki zuen Filmategiak bera izan behar zela gonbidatu berezia.

Izan ere, «El espiritu de la colmena» filma ere zinemarekin lehen kontaktua duen haur baten inguruan mintzatzen zaigu. Hein horretan, egilearen ustetan, lehen filmak bigarrena azaltzen du, eta primeran doaz elkarrekin.

Zinemaren magia ez galtzeko

«Gaur egun jendeak zinema etxean deskubritzen du, telebistan edo ordenagailuan film bat ikusi ostean. Nik izan nuenetik nabarmenki aldentzen den esperientzia bat da hori. Elkar ezagutzen ez genuen jende multzo bat ginen, pantaila erraldoi bati begira. Errealitate oso txiro batetik ihes egiteko modu bat zen. Orain, ordea, etxeko lasaitasunean ikusten dira filmak, zinemara joatea ez da ohikoena, baina horrek ez du esan nahi haur batek pelikulak ikusten dituenean sentitu dezakeena legitimoa ez denik», esan zuen zuzendariak, iraganeko urteei begira.

Hala ere, uste du zinemaren magia mantentzea beharrezkoa dela, eta hori dela filmotekek egiten duten lana. «Herritarrari ikus-entzunezko formakuntza ematea da bere betebeharra, hezkuntza berebizikoa delako. Hezkuntzarik gabeko gizarte batek ezin du aurrera egin, eta zinema hezkuntza horren parte da», bota zuen. Ericeren iritziz, Euskadiko Filmategia tresna egokia da helburu hori aurrera eramateko, baina uste du instituzioek oraindik ez dutela ulertzen zein punturaino den hori garrantzitsua. «Ikus-entzunezko formakuntza telebisten esku uztea akats bat da -adierazi zuen-, filmotekak zinemaren museoak dira, baina museo bizidunak izan behar dira. Horretarako, artxibo izateaz gain, proiektatzeko aukera izan behar dute», aldarrikatu zuen. Bere ustez, instituzioek laguntza gutxi ematen diote Filmategiari gordetzen dituen lanak zinema areto publikoetan, jendartean, plazaratzeko.

HITZALDIA

Victor Erice Koldo Mitxelena Kulturunean izango da gaur, 19.30ean, berak zineman izandako esperientziez mintzatzeko. Sarrera libre, aretoa bete artean.

Zinema aretoetan proiektatzeko arazoak

Jaiotzez bizkaitarra, Madrilera joan zen 18 urte zituela, zinema ikasketak egitera. Hala ere, donostiartzat du bere burua, bertan eman baitzuen bere haurtzaro eta gaztaroa. Zinefiloek estimu handia diote Victor Ericeri, baina zailtasunak omen ditu azkenaldian bere lanak zinema geletan proiektatu ahal izateko. Autore-filmak egiten ditu, eredu komertzialarekin zerikusirik ez dutenak, eta horregatik gehiago proiektatu izan dira bere lanak museo edo kultur etxeetan zinemetan baino. Hala ere, lanean jarraitzen du Ericek, badakielako bere lana eredugarria izan daitekeela etorkizuneko zinemagileentzat. Bere helburua ez da ikusleak seduzitzea; ikuslea ez da kontsumitzaile bat, baizik eta herritar bat, eta begien aurrean jartzen diena berari bihotzetik ateratzen zaiona da.

Filmategiari eskerrak eman zizkion atzo, «La morte rouge» filmaren aurkezpenean bere pelikula, bere hiriko zinema areto batean ikusteko aukera emateagatik. Era berean, aipatu zuen Portugalen egin duela azken filma - «Centro histórico»-ren zatietako bat, beste hiru zuzendarirekin batera- eta oraindik estreinatzeko dagoela. Bere hitzetan, egun filmak oso merke egin daitezke edonoren eskura dauden teknologia berriei esker, baina jendartean zabaltzea beste kontu bat da. N.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo