GARA > Idatzia > Kultura

Etxepareren «Linguae Vasconum Primitiae», ingelesez

GARA | DONOSTIA

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Reno-Nevadako (AEB) Unibertsitateko Center for Basque Studies euskal ikasketen zentroko Lagunen Elkarteak ingelesez argitaratu dute euskaraz plazaratutako lehen liburua: Bernat Etxepareren «Linguae Vasconum Primitiae».

Hala, 2005. urtean Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Renoko Unibertsitatearen arteko lankidetzaren bidez argitaratzen hasi ziren Basque Classics Series bilduma beste ale batez osatuko dute. Argitalpenak Beñat Oyharcabalen hitzaurrea eta Pello Salabururen prologoa dauzka.

Aurkezpenean azaldu zutenez, Reno-Nevadako Unibertsitatea lan garrantzitsua egiten ari da duela zenbait urtetik Ameriketako Estatu Batuetan ingelesaren eraginpeko eremuan euskal kultura ikertuz eta zabalduz. Lan hori Jon Bilbao eta William Douglass irakasleek hasi zuten, eta harrezkero, haien lana oso onartua izan da, eta Center for Basque Studies «ezinbesteko erreferentzia bihurtu da ingelesezko irakaskuntza, informazio eta komunikazio esparruentzat». «Linguae Vasconum Primitiae» ingelesez argitaratu duen zentroak Euskal Herritik kanpo euskal kulturari buruz dagoen liburutegirik onena dauka, adituen arabera.

Aurrera eramaten dituen jarduerei esker, Center for Basque Studies «erakunde erreferentziala» bihurtu da AEBetan euskal kulturari dagokionez. Etxepareren argitalpenari «Linguae Vasconum Primitiae: The First Fruits of the Basque Language, 1545» izenburua jarri diote. Esan bezala, Basque Classics Series bildumaren parte da, eta hor argitaratu diren beste izenburu batzuk honako hauek dira: «Anthology of Apologists and Detractors of the Basque Language» (2006), edo «The Basques of Lapurdi, Zuberoa and Lower Navarre: Their History and Their Traditions» (2011). Gainera, bildumatik kanpo, Sabin Bikandiren «Alejandro Aldekoa: Master of Pipe and Tabor Dance Music in the Basque Country» tesia argitaratu zuten 2008an.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo