GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

herri harresia ondarroan

Elkarrizketarako gonbita egin diote Beltran de Heredia sailburuari

Urtza Alkorta eta herri harresia osatzen duten ehunka lagunek gutuna bidali zioten atzo Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuari. Bertan, azaldu zutenez, Ondarroara joan eta atxiloketari buruz hitz egiteko gonbita «zintzo eta zuzena» egin zioten. Erantzunaren esperoan, ekintzez beteriko eguna izan zen atzokoa Aske Gunean. Kontzertuak eta giro ederra Alamedan, betiere Ertzaintzaren mugimenduei begirik kendu gabe.

p004_f01.jpg

GARA | ONDARROA

Ondarroako Alamedan osatutako Aske Guneak bosgarren eguna bete zuen atzo. Egunak aurrera joan arren, bertan bildutako ehunka lagunen gogoak ez du behera egiten. Alderantziz, orduak igaro ahala, herri harresia indartzen ari den sentsazioa zabaltzen hasi da bertaratutakoen artean.

Atzo ere egun garrantzitsua izan zen elkartasun gunean. Kartzelatua izateko arriskuan dagoen Urtza Alkortak, dozenaka senide eta lagunen babesean, Estefania Beltran de Heredia Lakuako Segurtasun sailburuari bidalitako gutunaren berri eman zuen hedabideen aurrean. Gutun horretan Ertzaintza ez bidaltzeko eskatzen dio Beltran de Herediari, eta bera gonbidatzen du Ondarroara etortzera, auziari buruz hitz egitera.

«2010eko urtarrilaren 28an orain zuk zuzentzen duzun sailaren aginduetara zeuden ertzainek eman zizkidaten tratu txarren ondorioz sinatutako deklarazioa da ni auzipetu eta kartzelatzearen oinarri bakarra», adierazi zuen Alkortak. Horregatik, bi urte eta erdi kartzelan eman ditu ondarroarrak, eta Ertzaintzak bera atxilotzea lortzen badu, beste bi urte eta erdi eman beharko ditu espetxean kondena betetzeko.

Beltran de Heredia sailburuak atxiloketaren inguruan esandakoak ere hizpide izan zituen Alkortak atzoko agerraldian. Horren harira, zenbait galdera luzatu zizkion: «Madriletik ni atxilotzeko agindua jaso duzuela esan, eta `cuando considere oportuno operativamente' atxilotu eta kartzelatuko omen nauzue? Noiz da zuentzat ni atxilotzeko une egokia?».

«Guretzat ez dago atxiloketarik emateko une egokirik -erantzun zuen Urtza Alkortak- bizi dugun garai berri honetan, EAJk erabaki egin behar du Espainiaren eskutik helduta jarraituko duen edo Euskal Herriaren aldeko hautua egiten duen behingoz».

Konponbidearen bide horretan, Aske Gunera hurbildu eta gaiari buruz hitz egiteko deia luzatu zioten sailburuari: «Gonbidapen zintzo eta zuzena egiten dizut Ondarroara etor zaitezen, eta honetaz guztiaz hitz egin dezagun. Nahi izanez gero, zuek ere ongi etorriak izango zarete herri-harresira».

Tentsio agerikoa lasaitasunean

Erantzuna jaso bitartean, Aske Guneak bere jarduera solidarioarekin jarraitu zuen atzo. Atzokoa egitarau oparoa izan zen Alamedan. Goiz eta eguerdi partean, auzokideek janaria eraman zieten bertan bildutakoei. Paellak eta bizkotxoak, indarra hartzeko.

Arratsaldean, gero eta jende gehiago gerturatzen joan zen Ondarroara. Eguraldi ona lagun, mugimendua hazten ari dela erakutsi zuten atzo, eta asteburuan baino jende gehiago batzen ari dela. Tartean, toki anitzetatik etorritako gazte piloa, gaua pasatzeko asmoarekin.

udalak

Euskal Herrian konponbidea bilatzeko garaia dela eta ez atxiloketak egitekoa nabarmendu zuen atzo Ondarroako Udal Batzarrak Bilduko zinegotzien sostenguarekin. EAJkoak ez ziren bileran agertu.

urquijo

Gobernu espainolak EAEn duen ordezkari Carlos Urquijok Guardia Zibila Urtza Alkorta atxilotzeko prest dagoela adierazi zion Lakuako Gobernuari komunikatu batean.

Ertzaintzaren saiakerak, gaueko protagonista

Gau luzea izan zen atzokoa. Poliziaren etengabeko presentzia, kalekoz jantzitako agenteak nonahi, furgoneten joan-etorria... Aske Gunearen setioa begi bistakoa zen.

Hiru alerta nabarmen izan ziren gauean zehar. Lehendabizikoa, gauerdi aldera. Mutrikutik lau furgoneta gerturatzen ari ziren abisua eman eta laster osatu zen herri harresia zubian. Alarma faltsua. Poliziek pasoa eman eta besterik gabe, alde egin zuten.

Irudia beste bi alditan errepikatu zen gauean zehar, goizaldeko 02:00etan eta 04:00etan. Bi kasuetan, herri harresia osatu eta laster desegin zuten. Aske Guneko kideak kezkatuta daude, Donostian atxiloketen aurreko gauean metodologia berari jarraitu ziolako polizia autonomikoak.

Hortaz, gaurko goizaldean agertuko diren susmoa dago, eta deia luzatu dute Ondarroara gerturatzeko. www. naiz.info-k minutuz minutuko jarraipena egingo du. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo