Joxemari Carrere Ipuin kontalaria
Gezurra?
Nerabeekin kontatzen aritutakoan arrunt maite izaten dut, amaitu aurretik, Tarot kartak atera eta boluntario bat eskatzea. Boluntarioa mahaiaren alde batean jartzen da, ni bestean, eta gelako gainerako guztiak mahairen bueltan. Bere burua eskaini duen gazteari urduri samar sumatzen zaio, bizitzaren kezken aurrean jarri baita erantzun bila. Ikaskideak kuxkuxero agertzen dira, baina barneko kezka berdintsuak akuilatuak ere. Kartak agertu bezala, aurrean dudanari azaldutako kezkaren gainean mintzatzen natzaio. Isiltasuna da nagusi eta boluntarioaren aurpegia eta keinu sotilak gogoeten isla dira. Amaitutakoan, mahaitik altxatu eta gazteak pentsakor alde egin ohi du, azken galdera egin ondoren: «Baina hau, egia ala gezurra da?».
Ipuinak kontatzea bizitzaren kezken aurrean jartzea da, horiek ikusleari transmitituz, berak ere bere gogoetak egin ditzan. Gezurra/egia binomioak absolutuaren aurrean jartzen gaitu, zuria ala beltz, ezker edo eskuin. Pertsona humanook absolututik kanpo gaudenez, kezka ontzi bat garenez, dikotomia horren aurrean erabaki beharrak bizitzaren beraren lilura oztopatuko du; bizitzaren magikotasuna aldendu. Eta ipuinek magikotasuna dute ardatz, gogoeta, egia/gezurra bikotea bazterrean utzita, zalantzaren bidezidorren edertasuna.
Tarot kartak aurrean dituen gazteari bizitzan aldaketak datozkiola eta horretan pertsona bat edo beste lagungarri izango duela esateko, ez da, jakina, karta horien mintzoa interpretatzeko ahalmen berezia behar, gazte izaerak bizitzaren aurrean duen erronka ezagutzea baizik. Maite dugu, ordea, istorio baten liluraz entzutea. Kontalariak, gezurtero kuadrilla. Ala ez?