Euskal Herriko museoak hasi dira larunbaterako antolatu dituzten jarduera bereziak aurkezten
Datorren larunbatean, maiatzaren 18an, ospatuko dira Museoen Nazioarteko Eguna zein Europako Museoen gaua. «Museoak (oroimena + sormena= gizarte-aurrerapena)» leloa aukeratu du Unescok.
GARA | BILBO
Ekitaldi ugari eta mota askotakoak prestatu dituzte Euskal Herriko museoek larunbat honetarako, maiatzak 18, Unescok finkatutako «Museoak (oroimena + sormena= gizarte aurrerapena)» lelopean Museoen Nazioarteko Eguna eta Europako Museoen Gaua ospatzeko. Horietako batzuek iragarri dituzte jada beren egitarau bereziak.
Atzo, Donostiako San Telmori, Tolosako TOPICi eta Bilboko Berreginen Museoari heldu zitzaien txanda.
San Telmo
San Telmo Museoaren arduradunek jakinarazi zutenez, ekintzak bezperan hasiko dira, eta hala, ostiral arratsaldean, maiatzaren 17an, jazz combo eta dantza garaikideko emanaldia izango da Zuloaga plazan (museoaren atarian), 19.30etik 20.30era.
Larunbatean Ateak Zabalik jardunaldia izango da bertan. Hau da, museorako sarrera doakoa izango da egun osoan; eta horrez gain, dantza emanaldiak, «Euria» erakusketarako doako bisita gidatuak eta «Gozatu liburu batez» ekimena ere iragarri dituzte.
Gainera, urtero, Museoaren Nazioarteko Egunaren bueltan egiten duten bezala, Museoaren Lagunek artelan bat eman zioten dohaintzan San Telmo Museoari. Aurten, Jose Ramon Amondarainen (Donostia, 1964) mihise gaineko olio lan bat izan da: «Mocho».
Berreginen Museoa
Bilboko Berreginen Museoak ere hainbat jarduera berezi antolatu ditu, «Museoa = Zu Zeu» ekimenaren bitartez bere bisitariekin batera ospatzeko eguna.
Honako hauek dira atzo aurkezturiko proposamenak: «Bisita gidatua..., baina ez ohikoa», «Friso interaktiboa», «Deskubritu, kontatu, azaldu..», «Marraztea klasikoa da» eta «Egipto zaharrean margotzea», izan horiek jarri dizkiete larunbaterako antolatu dituzte jarduera bereziei, guztiak doakoak eta jende guztiari zuzenduak.
Lehenengo jarduera Pergamoko Zeusen aldareko frisoari egingo zaion bisita gidatu ezohikoa izango da, hain zuzen, beren beregi egindako bideo baten laguntza izango baitute bertaratuek. Horrez gain, lehen solairuan, Panateneasen frisoarekin elkarrekintzan aritzeko aukera izango da. Lan hori «Akropolis. Mito Biziak» aldi baterako erakusketaren parte da.
Tecnaliarekin elkarlanean egindako aplikazioari esker, denboraren eraginez jada existitzen ez diren edo narriatuta dauden aldeak ikusi ahal izango dira. Jatorrizko polikromia ere erakusten du, arkeologiak markatutako jarraibideei jarraituz. Gainera, sistemak, Atenea, Hefesto eta Poseidon irudikatzen dituen frisoaren parte batekin elkarrekintzan aritzeko aukera ematen du.
Bestalde, «Deskubritu, kontatu, azaldu...» izeneko jarduerari dagokionez, museoan barrena oinez ibiltzeko proposamena egingo du, artelan jakin batek bisitariaren arreta deitzen duen arte.
Tolosako TOPIC
Larunbatean eta egun osoan zehar, Ate Irekiak ekimenaren baitan argazki lehiaketara aurkeztutako argazkien erakusketa ikusgai izango da Tolosako txotxongiloen museo honetan.
Iluntzeko bederatzietatik aurrera, berriz, musika emanaldiak egongo dira, Tolosako Musika Eskolaren eskutik.
Non: Donostiako San Telmo, Bilboko Berreginen Museoa, Tolosako TOPIC.
Data: Maiatzaren 17an eta 18an.
Zer: Nazioarteko Museoen Eguna eta Europako Museoen gaua ospatzeko mota askotako ekitaldi ugari antolatu dituzte.
Sarrera: Doakoa.