harri-jasotzea
Izeta II.a nagusi izan da Aiako Harria Txapelketan, Joseba Ostolatzari hiru jasoaldiren aldea aterata
J.L.
Izeta II.a gailendu zen herenegun Aian jokatu zen Aiako Harria Txapelketan. Herriko harri berezia erabili zuten, 115 kilo pisatzen dituena, eta harri-jasotzaile bakoitzak hamar minutu izan zituen lanerako. Jendearen erantzuna ere bikaina izan zen, jendetza batu baitzen lehiaketa ikusteko asmoarekin.
Aiako harri-jasotzaile beteranoak 35 aldiz berdindu zuen harria bizkarraren gainean, txapela lortuz, eta haren atzetik sailkatu zen Joseba Ostolatza. Orion bizi den zestoarrak 32 aldiz jaso zuen harria. Podiuma osatu zuena Izeta IV.a izan zen, irabazlearen semea. Berak 27 jasoaldi ematea lortu zuen. Laugarren geratu zen Izeta III.a 25 jasoaldirekin, eta bosgarren, jasoaldi kopuru bera eginda, Eizmendi sailkatu zen. Horrelakoetan kilorik gutxien pisatzen dituen harri-jasotzailea aurretik geratzen da, eta Izeta arinagoa denez, beretzat izan zen bosgarren postua. Urrutiak, berriz, 23 jasoaldi lortu zituen.
Leku berean, baina larunbat gauean, emakumezkoen taldekako giza-proba txapelketa jokatu zen, eta orduan ere sekulako jendetza batu zen saioa ikustera. Zortzi neskaz osatutako taldeak aritu ziren lehian, eta 500 kiloko harria izan zuten lanerako, eta talde bakoitza ordu laurdenean aritu zen nor baino nor harriari tiraka.
Garaipena Ibarrak lortu zuen 30 plaza eginda. Bigarren postuan sailkatu zen Orio. 29 plaza, 7 zintza eta 1.10 metro egin zituen. Hirugarren postua izan zen Ergobiarentzat, 28 plaza eta 6 zinta eginda. Saio dotorea eskaini zuten hiru taldeek.
Gipuzkoako lokotx-biltze Txapelketa ere jokatu zen herenegun, eta Eneko Garmendiak lortu zuen txapela. Baliarraingoak 6 minutu eta 51 segundo behar izan zituen bere egin beharreko lan guztiak burutzeko.
Lasto-altxatzeko Gipuzkoako Txapelketan, Andoni Agirreurretak lortu zuen txapela, guztira 21 jasoaldi lortuta.
Sokatiran, Berriozarrek irabazi du Nafarroako Lauko Txapelketa, gizonen 260 kilokoan. Amaiur A eta Basaburua-Imotz izan ziren podiuma osatu zuten beste bi taldeak.