GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria

Antigona revisited (I)

Sofoklesen «Antigona» antzezlanarekin gogoratu naiz egunotan, Bostoneko bonbak jarri zituen anaietako baten hiletaren inguruan sortu den zalapartaren harira. Edipo eta Iokastaren alaba da Antigona, Ismeneren ahizpa, eta Eteokles eta Polinizesen arreba. «Oedipus Rex»-en Sofoklesek berak azaldu zigun nola Edipo eta bere ama Iokastaren arteko harremanetik sortuko zen askazia madarikatua izango zela; Antigonak, hain zuzen, madarikazio horren nondik norakoak azaltzen dizkigu. Mitoaren arabera, Ediporen heriotzaren ostean haren bi semeak Tebaseko erreinuagatik elkarren kontra borrokan dabiltza etengabe. Teorian, Eteoklesek eta Polinizek txandaka gobernatu behar zuten hirian, baina Eteoklesek agintean jarraitzea erabakitzen du bere txanda bukatu ostean, bi anaien artean gerra piztuz. Polinizek orduan Argosera jotzen du laguntza eske, eta hango tropekin berea dena erreklamatzera itzultzen da Tebasera. Bi anaiak hilko dira gerran, bata bestearen eskutan, profeziak iragarri bezala. Haien osaba Kreonte bihurtuko da orduan Tebaseko errege, eta Polinizek hiriari traizio egin diola iritzita, Tebasen duintasunez lurperatua izatea ez duela merezi eta haren gorpua hiriaren harresietatik kanpo uztea agintzen du, txakurren eta beleen jaki izan dadin. Antigonak, baina, osabaren aginduaren kontra eginez, nebaren gorpua ehortziko du eta horren ondorioz kobazulo batean itxiaraziko du Kreontek. Ediporen alabak bere buruaz beste egingo du orduan, eta beste horrenbeste egingo dute haren senargai eta Kreonteren seme Hemonek (emaztegaiaren omenez) zein azken honen amak (semearen heriotzaren berri izatean).