GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Angelina Jolieren ajea

Rolling Stonesen «Angie»-ren ostean, bera izango da Angie izena duen munduko emakumerik famatuena: Angelina Jolie. Gauza asko idatz daitezke berari buruz, dela bere aktore lanaren inguruan, dela bere gain hartutako lan humanitarioaren gainean, edo bere bizitza pertsonalari buruz. Halere, haren izena aipatu eta burura datorkigun lehenbiziko gauza bere edertasun fisikoa da, mundu mailako sex symbol etiketa darama bekokian itsatsita. Nahiz eta, azken urteotan, lortu duen bere ezpainei edo hanken luzerari buruz baino bere bizitzako beste alderdi batzuez hitz egin dezaten.

Izan ere, Angelina Jolie ez da aktoreak izarrak direla eta, ondorioz, fantasiazko ortzi horretan distiratzeko baino ez dutela agertu behar uste duten horietakoa, politikatik at, aldarrikapenetatik urrun, kristalezko burbuila batean amets ukiezin moduan. Alegia, besteok bezalako hezur-haragizko pertsonak ez balira bezala, euren proiektu eta kezkekin, ezinegon eta ikuspuntuekin. Eta mundu hau hobea izan dadin zerbait egiteko grinarekin, edo, behintzat, saiatzeko betebeharraren sentimenduarekin.

Angelina Joliek, besteak beste, aktoreak, urte ugari daramatza zinema bere bizitzako alderdi bat, bere lana, baino ez dela esaten, eta erakusten. Ezin ukatu lanbide horrek eman diola egun garatzen duen lan humanitarioa aurrera eramateko aukera, horrek ahalbidetu diola pertsonen aldeko lan horri oihartzuna eta nabaritasuna emateko bozgorailua, eta berak bozgorailu hori eskuan hartu eta erabiltzea erabaki duela, badezakeelako eta, batik bat, nahi duelako. Aurpegi polit eta gorputz ederrari, emakume desiratuari, ekintzazko emakume konprometitua gailendu zaio, izarrarteak eta inolako burbuilarik interesatu barik oinak lurrean, guztiok gauden tokian, jarrita. Eta jarrita, era berean, eskura dituen baliabideak; eta erakarrita, halaber, inguruan dituen beste batzuen interesa eta ekarpena.

Iragan astean emakume guztioi zuzendutako gutun bat argitaratu zuen «The New York Times» egunkarian, mastektomia bikoitza egin diotela jakinarazteko, jakinik berak idatzi izanak, bere kasua agertzeak, edozein emakume ezezagunenak baino askoz ere hedapen handiagoa izango zuela. Gutunaren muina, edukia, mahaigaineratu egingo zela. Eta hala izan da, bularretako minbiziaren -eta emakumeok izaten ditugunen- gaineko artikuluak, aholkuak, adituei elkarrizketak, tratamendu aukerak, eta abar barra-barra agertu direlako hedabideetan. Aurretik ere egin zuten beste batzuek, jendarteratzearen eta gaiaz naturaltasunez hitz egitearen garrantziaz, eta beharraz, jakitun, gurean Uxue Barkosek, adibidez, politikan aktiboki jarraitzen duenak. Detektatze goiztiarra bultzatzeko kanpainekin batera, informazioa zabaltzeko edozein ekintzarekin batera, emakumeon beldurrak, mito ustelak, baita lotsa ere, desagerrarazi beharra daude; alegia, gaitz horren ondorioak desmitifikatu. Munduko sex symbol handienetako batek publikoki egitea, beste ezeren gainetik norberaren osasuna lehenetsi beharra azpimarratuta, ekarpen handia da bide horretan, oraindik ere kontzientziatu beharra dagoelako, mundu osoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo