GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora | Urrezko lehiaketa

Aitzol Atutxa ere Azpeitiko final handian izango da

Bizkaiko txapeldunak ez zuen izan inongo arazorik Juanjo Lopez nafarra menderatzeko. Bi minututik gorako tartea atera zion.

p044_f01_148x140.jpg

Jon LEUNDA

Aitzol Atutxak lortu zuen herenegun Urrezko Aizkorako finala jokatuko duen hirugarren aizkolariaren txartela. Lau izango dira finalean, eta datorren larunbatean Otxandion jokatuko den finalerdiaren ostean jakingo da Nazabalekin, Rekondorekin eta Atutxarekin zein arituko den. Azkeneko finalerdia, Otaegik eta Mugertzak jokatuko dute.

Bilboko finalerdian, aizkolari bakoitzak sei lan ezberdin egin behar izan zituen. Hasteko, 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagoan moztu neurtu ziren. Ondoren, aizkolari bakoitzak 45 ontzako enborra moztu behar izan zuen erlojuz kontra. Hirugarren saioan, kana-erdikoa zutik jarrita ebaki behar izan zuten. Laugarrengoan, 60 ontzakoa zeinek azkarrago moztu neurtu ziren. Bosgarrengoan, 45 ontzako bina enbor zituzten bata zutik eta bestea etzanik. Azkenik, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen aizkolari bakoitzak.

Bizkaitarrak jokatutako proba guztiak irabazi egin zituen. Kolpekakoan, 27 aldiz emanda erdibitu zuen enborra, eta 35ean Lopezek. Bigarren lanean, minutu eta 4 segundoan bota zuen enborra Atutxak, eta bost segundo gehiago behar izan zituen nafarrak. Zutikako lana, bi minutu eta 45 segundoan bukatu zuen, eta hamaika segundo gehiago behar izan zituen Lopezek.

60 ontzako enborrean ia erabakita utzi zuen saioa Aitzol Atutxak. Enborra bi minutu eta 52 segundoan amaitu zuen, eta 3 minutu eta 41 segundoan bota zuen Lopezek. Tarte handia atera zuen Bizkaiko txapeldunak, eta saioa amaitzeko bi lan falta baldin baziren ere, ia dena erabakita zegoela zirudien, eta horrelaxe izan zen.

Azken-aurreko eginbeharrean, enbor bat zutik eta beste bat etzanda zituzten, biak ala biak 45 ontzakoak, eta lan hori 3 minutu eta 12 segundoan burutu zuen bizkaitarrak, eta 3 minutu eta 34 segundo behar izan zituen, aldiz, aizkolari nafarrak. Proba bat falta zen dena amaitzeko, baina saioa ia erabakita zegoela zirudien.

Iraupen proban ere Atutxak ez zion aukerarik eman Lopezi. 12 minutu eta 15 segundoan amaitu zuen lana, eta 13 minutu eta 17 segundoan, Lopezek. Lan guztiak burutzeko, 22 minutu eta 35 segundo behar izan zituen Atutxak, eta 25 minutu eta 12 segundo, bestetik, Juanjo Lopezek.

23 urtez azpikoak

23 urtez azpikoetan, Erasunek eta Kañamares III.ak lortu zuten finala jokatzeko txartela. Lehenengoak Saralegi hartu zuen mendean. 16.18 izan zen bere denbora eta 18.40 Leitzakoarena. Beste finalerdian, 19.44 izan zen Kañamaresen denbora, eta 24.11, berriz, Rodriguezena. Segoviarrak ez zuen zorterik izan.

Ez da inongo ezusterik izan Urrezko Harri-jasotzaileen Txapelketan

Urrezko Harri-jasotzaileen Txapelketan ez zen inongo ezusterik izan eta faborito guztiak sartu dira hurrengo fasean. Izeta II.ak bere semea hartu zuen mendean herenegun 62 jasoaldi lortuta eta biren aldea aterata. Izeta III.ak, berriz, Telleria II.ari irabazi zion 58 jasoaldi lortuta eta hiruren aldea aterata.

Atzo, berriz, Joseba Ostolatzak ez zuen izan inolako arazorik Murga mendean hartzeko. 58 jasoaldi lortu zituen, eta 44 egin zituen, berriz, kirolari arabarrak.

Azkenik, Eizmendik ere lortu zuen helburua, 57 jasoaldi eginda. Mendean Urrutia hartu zuen, eta kirolari nafarrak 55 jasoaldi ematea erdietsi zuen. J.L.

hiru

Lau aizkolari izango dira finalean, eta dagoeneko Floren Nazabalek, Jon Rekondok eta Aitzol Atutxak lortu dute azkeneko ekinaldian aritzeko txartela.

23 urtez azpikoak

23 urtez azpikoetan, Erasunek eta Kañamares III.ak lortu zuten finala jokatzeko txartela. Lehenengoak Saralegi menderatu zuen, eta bigarrenak, Rodriguez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo