GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surfa

Surfeko joko olinpikoak: Hegoafrika irabazle Panaman herrialdekako surf txapelketan

Urte osoan zehar modalitate eta mota desberdinetako zortzi txapelketa antolatzen ditu ISAk, eta jada lau txapelketa egin dituzte; Txinan, Perun, Ekuadorren eta, azkena, Panaman, hain zuzen, «Copa V Centenario del Descubrimiento del Océano Pacífico» izenekoa.

p052_f02_148x112.jpg

p052_f03_47x44.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

«Surfeko olinpiar joko» gisa ezagun diren ISA zirkuituko txapelketek aurrera jarraitzen dute. Txinan hasi ziren eta azken txapelketa Panaman izan da. Guztira, 73 dira ISA zirkuitua osatzen duten eta bertan parte har dezaketen herrialdeak, baina Panaman soilik 25 nazio ordezkaritza izan ziren parte hartzen.

Urrezko domina, ordea, talde bakar batentzat izaten da, eta Panaman talde irabazlea Hegoafrika izan zen, talde gisa puntu gehien bildu baitzituen.

Banaka beren taldeentzako puntuak irabazten aritu zirenen artean, berriz, bi garaile. Dimity Stoyle australiarra emakumezkoen lehiaketan eta Shaun Joubert hegoafrikarra, gizonezkoetan.

Urte osoan zehar modalitate eta mota desberdinetako zortzi txapelketa antolatzen ditu ISAk, eta jada, lau txapelketa egin dituzte; Txinan, Perun, Ekuadorren eta azkena, Panaman.

Urteko lehen txapelketa urtarrilean egin zuten, Hainandao uhartean, Txinan. Herrialdeen arteko txapelketa izan zen, eta bigarren urtez jarraian, urrezko domina talde australiarrak irabazi zuen. Zirkuituko bigarren txapelketa martxoa hasieran izan zen. Perun egin zen Munduko Gondola eta Arraun Txapelketa, eta berriz ere, Australiako taldeak irabazi zuen.

Joan den apirilean Masters txapelketa izan zen Ekuadorren eta Hawaii izan zen herrialde garailea. Eta oraingoan Panamaren txanda izan da, bertan izan ziren maiatzeko lehen astean «Munduko Surfing jokoak» (World Surfing Games).

Panaman egin berri duten txapelketan titulu bat eskaintzen da. Alegia, irabazleak titulu bat eskuratzen du, titulu bitxia bederen: «Copa V centenario del descubrimiento del Oceano Pacifico».

Lehiakideak modu indibidualean lehiatzen dira txapelketa honetan, baina lortzen dituzten puntuak ordezkatzen ari diren herrialdeko taldearentzat izaten dira, eta talde bakoitzean lau mutil eta bi neska izaten dira beren herrialdea ordezkatzen.

Aurreneko txapelketa honetan bertan Longboard kategoria ere izaten zen, baina aurten, estreinakoz, txapelketa bereizia izango du Longboard modalitateak. Aipatu txapelketa irailean izango da Perun, Huanchaco kostaldeak dituen olatu zoragarrietan.

Maiatzaren 4an eman zioten hasiera txapelketari ohiko irekiera zeremoniarekin. Nazioen desfilea egin ostean munduko hareen zeremonia egin zuten, ontzi batean herrialde bakoitzeko hondarrak bildu eta nahastuaz. Erritu moduko hau ekimen sinboliko bat da, surf komunitatea bakarra dela irudikatu nahi da. Fernando Aguerre ISA erakundeko lehendakariaren esanetan, «mundu hobe eta baketsuago baten aldeko ekimena da».

Veraguas eskualdean aurkitzen da Santa Katalina, eskuin olatu famatua duen herrixka. Sakonera gutxiko uretan lehertzen da olatua, horrek forma biribila ematen dio olatuari eta edozein ariketa egiteko ezin aproposagoa bilakatzen da.

Gizonezkoetan, Shaun Joubert hegoafrikarrak irabazi zuen urrezko domina. Zilarrezko domina, berriz, lehen aldiz bertako surflari batek eskuratu zuen, Jean Carlos Gonzalez panamarrak, hain zuzen ere. Brontzea ere amerikar batek eskuratu zuen; izan ere, perutar batentzat izan zen, Cristobal de Col. Kobrezko domina laugarren postuan geratu zen Russell Molony australiarrarentzat izan zen.

«Pozgarria da hainbeste aberritako banderak eta jendea ikustea. Txapelketa berezia da», zioen Joubertek.

Taldeka lehiatzeak duen balioa ere azpimarratu nahi izan zuen garaileak: «Zinez ongi pasa dut Panaman. Txapelketak iraun artean olatu oso onak izan ditugu. Ederra da taldean jardutea, zure kideak lehian ari direnean ere haiek zer egiten duten jakin nahi duzu eta urertzetik babesa eskaintzen ahal diozu; zeren zuk bakarrik ez, taldeak ere ongi egitea nahi duzu».

Emakumezkoetan, australiarrentzat izan ziren lehen bi dominak. Dimity Stoylek urrezko domina jaso zuen eta Codie Kleinek, zilarrezkoa. Hirugarren postuan, Suelen Naraisa brasildarrak brontzea eskuratu zuen eta Ella Williams Zeelanda Berriko surflariak, berriz, laugarren postuan, kobrezko domina irabazi zuen.

Dimity Stoylek ere, Joubert-ek bezala, taldeka lehiatzeak duen garrantzia azpimarratu nahi izan zuen eta horrela mintzatu zen: «Australia ordezkatzea ohore bat da. Norberak baino taldeak ahalik eta ondoen egitea desiratzen dugu».

Lehiakideek bildutako puntuak batuta, talde irabazlea Hegoafrika izan zen; zilarra, Australiarentzat; brontzea, Peruko taldearentzat; eta kobrea, Brasilentzat.

Orain begi guztiak Perura begira daude; izan ere, esan bezala, han jokatuko da ISA erakundeak antolatzen duen hurrengo txapelketa. Berriz ere, mundu osoko dozenaka ordezkaritza bilduko dira longboardarekin (taula handia) lehiatzera.

Oraingoz, Australiako taldea da txapelketa gehien irabazi dituena eta, ondorioz, puntu gehien bildu dituena, baina ikusteko dago urtea nola amaitzen duten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo