Surflari Ernegatua
«Coito ergo sum»
«Cogito ergo sum» zioen Descartes handiak. Pentsatzen dut; beraz, banaiz. «Parce que moi je reve, moi je ne le suis pas» zioen Leolo Lauzo gazteak, ameslariak eroak ez direlako. Berrogei urte barru, igande arruntetan bezala, norekin larrutan egin dugun ez gara gogoratuko, baina itxura ezin hobea izango dugu. Agian, Descartes tronpatu zen: «Coito ergo sum».
Etxeko tximiniaren parean eserita, haren atzaparrei behatzen ziela, «Cogito ergo sum» zioen Descartes handiak. Pentsatzen dut; beraz, banaiz. «Parce que je reve, je ne le suis pas» zioen, berriz, Biancarekin seko maitemindua zegoen Leolo Lauzon gazte kanadarrak. Beraz, amets egiten zuenez, erotuta ez zegoela esan nahi zuen, eta jarraian, bere amaren obulua ernaltzen jarri zuen tomate italiar batetik zetorrela gaineratzen zuen, lasai, patxadaz, inork ulertzen ez zuen arren, eroak amets egiten ez dutenak direla bai baitzekien.
Eta behin irakasleak Italia non zegoen mapan adierazteko esan zionean, leihotik kanpora begira arropa eskegitzen ari zen emakumea seinalatu zuen Leolok, Bianka alegia. Eta irakasleak, noski, pentsatzen bai, baina amets egiten ez zekienez, ezetz, behatz hark okerreko norabidea erakusten zuela esan zien ikasleei. Handik iparraldera joaten zela, Antartikara, eta han, ez zela deus. «Italia, mendebaldean da» eta behatz erakusleak horma zuria seinalatu zuen. Hain dira desberdinak bataren zein bestearen munduak.
Surflari ernegatuak ere ezereza seinalatzeko ohitura du ikasleek zerbait galdetzen diotenean, irakasleen lana pentsatzen irakastea dela uste baitu. Eta Martin Potterren irudiak jartzen dizkie lehen airekoa nork egin zuen ikus dezaten, baita 15 urterekin Pipelinen surf egin daitekeela uler dezaten, eta batez ere, egungoa, haiek ezagutzen duten eredua, bakarra ez dela jakin dezaten.
Baina, gaztetxoek ez dituzte 80ko hamarkadako surf filmak maite, musikak larruzko jaka darama, irudiak eguzkiak higatu dituela dirudi eta, batez ere, nortzuk dira itxura xelebre horiekin surfean ari diren morroiak?
Martin Potter ez dute maite. Ezin uler dezaket, ni zerbait itzelezkoa erakusten ari nintzelakoan bainengoen, baina ez da horrela, hain da luzea gure arteko distantzia?
«Baina zer da Martin Potterrez gustatzen ez zaizuena?», galdegin diet. Barre egin dute, eta haietako bat, antza guztiek buruan dutena esatera ausartu da, «ez zara konturatu? Bizkarrean eta sorbaldan ileak ditu».
Egia da, egun ez nuke gorputza biloz estalia duen surflari profesional bat imajinatu ere egingo. Beste garai batzuk dira, dudarik gabe, eta nik oraindik Biankarekin ametsetan jarraitzen dut, horrela, oraindik erotu ez naizela pentsatzen laguntzen didalako.
Alzeimerra azkartzen duten ebakuntzak nonahi eta nolanahi egiten dira, bular tenteak izateko eta ezpainak lodi. Mutilek ez dute beren txori txikia nola luzatu aurkitzen, baina bilorik ez izatearekin kontent dira. Burusoil ez pentsatzeagatik geratzen gara egun; beraz, ez dago aditzik, ez dago «cogito». Hori bai, 40 urte barru pentsatzeko ahalmenik ez dugu izango, igande arruntetan bezala, norekin larrutan egin dugun ere ez gara gogoratuko, baina itxura ezin hobea izango dugu. Agian Descartes tronpatu zen: «Coito ergo sum».