GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

kronika | langile batailoetan izan zirenen omenez

Pikotx eta pala hotsak itzuli ziren Oiartzungo bideetara

Goseak, egarriak jota, gaixotuta... Francok zigortuta Langileen batailoian lanean aritu zirenak XX. mendean ezagutu zuten esklabotza. Haiek eraikitako errepideetan kartel bana jarrita, gutxieneko errekonozimendua egin nahi izan zieten atzo Oiartzunen.

p005_f02_111x111.jpg

Maider EIZMENDI

Atzodanik Oiartzungo Pikoketako, Arkaleko eta Aritxulegiko errepideetatik igarotzen direnek, frankistek zigortutako langile batailoiek sufritu zuten miseriaren testigu direla jakingo dute, Katin Ttiki elkarteak, izan ere, hainbat panel paratu zituen 12.500 langile omentzeko antolatu zuen ekitaldian.

Orotara, Euskal Herrian langileen 60 batailoi osatu ziren eta haietako 18 aritu ziren lanean Oarsoaldean. Horietan 12.500 pertsona inguru aritu ziren gatibu lanetan, besteak beste, inguruko errepideak eraikitzen. Katin Ttiki elkarteak lan eskerga egin du haien memoria berreskuratzeko eta jasan behar izan zituzten izugarrikeria guztiak modu publikoan agertu eta salatzeko.

Oroitzapenean ondo gordeak ditu batailoi haietan bizitakoak Guillermo Aizpuru azpeitiarrak. Oiartzunen egon zen errepideak eraikitzen eta atzo ere han izan zen. «Inor ikaratzeko modukoak dira hango kontakizunak», laburbildu zuen han izan zirenek bizitakoa. «Ez komunik, ez edatekorik, ez jatekorik, lana baino ez zen han guretzat», kontatu zuen atzo, antolatutako omenaldiagatik esker hitzak baino ez zituela.

Gogotsu ikusi zituen «Gatibulanak frankismoan 1939-1942» ikus-entzunezko proiektuaren irudiak, gogorrak izanagatik, horretan kontatzen direnak oroimenean gordeak dituelako.

Herriko lekukoen hitzak ere jasotzen ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagunduta ekoitzi den lan horrek; izan ere, urte luzeetan isilean gordeta izan diren arren, «trabajadoreen batailoiak» eta bertan bizitako miseria inguruko herri-memorian iltzatuta geratu dira.

Oiartzungo alkate Aiora Perez de San Romanek batailoietan egon ziren pertsonen lanari ezagutza eman nahi izan zion, baita horien oroimena jasotzeko lanean ari diren herri mugimeduko eragileena ere. «Zauriak gaizki ixten direnean, zornea atera egiten da berriz; zauria ondo ixteko sendagai bakarra egia, justizia eta erreparazioa dira». Beldurrak eta trabak tarteko, lan horretan «berandu, oso berandu» gabiltzala onartu zuen, ordea.

Ildo horri eutsiz mintzatu zen Martin Garitano ahaldun nagusia. Batailoietan lan egiten zutenak omentzea belaunaldi oso baten errekonozimendua dela iritzi zion. «Haiek omentzea ez da atzerapausoak ematea, atzera begiratzea baizik, eta geroa eraikitzeko ezinbestean iragana ezagutu behar dugu; egia zor diegu datozen belaunaldiei».

Aritxulegin egindako omenaldian langile guztiei egin zieten gorazarre, baina bereziki zazpi nabarmendu nahi izan zituzten, batailoi horietan fusilatuta hil zirenak, Felipe Ledesma, Manuel Bacel, Antonio Lopez, Mariano Calvo, Francisco Murillo, Jose Sanchez, Jose Sirena eta Casimiro Garcia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo