GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Zorroaren zirrikituak miatu nahi ditut

Lurrera erortzen bazaizkizu, dobleko esfortzua egin behar da makurtu eta jasotzeko; bilatu egin behar dira lehenik eta haiek lurretik altxatzeko malabareak ondoren. Poltsako edozein zirrikitutan ezkutatzen dira eta benetan behar direnean bilatzerik ez badago ere, han azaltzen dira beste ezeren bila hasitakoan. Gogaikarriak dira gero zentimoko txanponak!

Badira tabernara sartu eta tragoa eskatzen duten aldiro zuzenean barra gainean billetea jartzen dutenak. Euroa martxan jarri zenean, kontuak atera ezinik ibiltzen ziren askok hartu zuten estrategia hori. Tamalez, ordea, ez da beti hori egiteko modurik, nire diru-zorroan behintzat ez delako izaten halako billete festarik. Poltsikoan jira eta buelta behar dituzun txanponak batzen ez aritzeko beste modua, parean duzunari eskua bete txanpon atera eta bertatik hartzeko eskatzea da. Lehengo batean halaxe egin zuen supermerkatuan nire aurretik zegoen emakumeak, dendariari airoso txikitik txikira aritzeko eskatzen zion bitartean, bejondeiola!

Arrandegira joan eta saltzaileak 11 euro eta bi zentimo eskatu dizkidanean, ni ere berehala hasi naiz bi zentimoko txanpon eskasaren bila diru-poltsan eta, han topatu ez dudanean, poltsaren zirrikituetan. Gustura askatzen ditut botoitarako ere balioko ez duten txanpontxook. Etsi eta hamabi euro eman dizkiot azkenean, bere txandaren zain dagoen pertsona ernegatu baino lehenago, eta neure artean «to, beste hiru zentimo poltsikora!» pentsatzen dudan bitartean. Haiek diru-zorroan sartzean topatu dut zirrikitu-zirrikituan bi zentimoko madarikatua.

Finean, zeharo gogaikarriak iruditu zaizkit bere sorreratik zentimoko eta bi zentimoko txanponak; orain, akaso, diru-merkatutik kendu nahi dituztenak. Tamainagatik iruditu zaizkit eskasak eta zailak, ez eman zaien balioagatik. Hiru zentimo balio duena hiru zentimo ordaintzen jarraitu nahi dut, eta ez bost, horretarako diru-zorroaren zirrikituak miatu behar baditut edota lurretik altxatzeko makurtu eta malabareak egin behar baditut ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo