Gehiengo soziala presoen aldeko ekintza bihurtzea izango da Herriraren helburua
GARA | GASTEIZ
Presoen eskubideen defentsan aurrerapausoa emateko garaia dela nabarmendu zuen atzo Herrira mugimenduak atzo Gasteizen, joan den larunbateko M18Plazara ekimenaren balorazioa jakinarazteko egin zuen agerraldian. «Lortu dugun adostasun sozial hori gehiengoaren ekintza sozial bihurtzeko unea da, oraindik egin gabe dagoena eraikiz», azaldu zuten, larunbateko ekimenak izan zuen erantzun handiak euskal jendartearen konpromisoa agerian uzten duela gaineratuta.
Esparru guztietako borondateak antolatu eta «Giza eskubideak, konponbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira» goiburua izango duen neurri handiko mobilizazio prozesu bati ekin nahi diote.
«Horretarako, hausnarketarako garai bat ireki dugu, herritarrekin, alderdiekin, sindikatuekin eta eragile sozialekin batera ekintzarako bide eta ekimen berriak bilatzeko, bateratuak nahiz sektorialak, espetxe politikaren aldaketa eta salbuespen neurrien amaiera xedetzat hartuta», esan zuten.
«Frantziako eta Espainiako gobernuek sufrimenduaren aldeko apustuari eusteko asmoa dute, eta guztion artean sortu behar dugu mugiaraziko dituen herritarren olatu erraldoia», dei egin zuten. Hala, salatu zuten Parisek eta Madrilek ez dituztela giza eskubideak errespetatzen, ez dutela bakea eta konponbidea nahi, ez dutela sakabanaketa amaitzerik nahi, ez dutela gaixo dauden hamabost presoak askatzeko borondaterik eta ez dutela Estrasburgoko epaia onartzeko asmorik.
«Herritar guztiek parte hartzeko kanalak ere eraikitzen ari gara, ziur gaudelako herri honetan bizi garen pertsonek eremu politikotik sortzen ez den energia positiboa eta eraikitzailea sortzen lagun dezakegula».
Bestalde, gaur Lakuako Bake eta Bizikidetza Idazkaritzako lantaldearekin bilduko dira, eta aste honetan Nafarroan aurreikusten den aldaketa politikoa konponbidearen aldeko agendan sartzeko ekimena aurkeztuko dute.
Presoen aldeko elkarretaratzeak izan ziren atzo Iurretan (32), Bermeon (20), Gernikan (39), Euban (8), Zaldibian (29), Ondarroan (62), Astrabuduan (15), Astigarragan (12), Trintxerpen (11), Laudion (51), Otxarkoagan (17), Zaldibarren (17) eta Añorgan (11).