GARA > Idatzia > Kultura

Antonio Lobo Antunesen eta Merce Rodoredaren lan bana, euskarara ekarriak

p048_f02.jpg

A.A. | DONOSTIA

Merce Rodoredaren «Ispilu hautsia» eta Antonio Lobo Antunesen «Gauzen ordena naturala» nobelak euskaratu eta Literatura Unibertsala sailean argitaratu dituzte Alberdania, Erein eta Igela argitaletxeek elkarlanean, EIZIE itzultzaileen elkartearekin batera.

Antonio Lobo Antunes (Lisboa, 1942) idazle portugaldarraren nobela Iñigo Roquek itzuli du. Bere esanetan, ez da eleberri erraza. «Irakurleak ez du istorio bakar eta lineal bat topatuko», eta, hori dela eta, liburua irakurri aurretik hitzaurrea irakurtzeko gomendioa egin zuen. Bertan gidoi moduko bat azaltzen du, istorioa bost liburuz osatuta baitago eta liburu bakoitza kapitulu ezberdinez.

Salazar diktadorearen azken urteetan eta ondokoetan kokatzen da istorioa, pertsonaia mordoaren sartu-irtenekin, iragana eta oraina nahastuz, Lisboan girotua baina noizean behin Mozambikera ere salto eginez... «Irakurri ondoren galdetuz gero zeri buruzko liburua den, segur aski irakurleak ez du jakingo erantzuten», esan zuen Roquek. Halere, Portugalen historian murgiltzeko liburu eta autore benetan gomendagarria dela adierazi zuen, «hain hurbil egon arren», bere hitzetan Portugaleko oso lan gutxi itzuli direlako.

Merce Rodoredaren (Bartzelona, 1908 - Girona, 1983) «Ispilu hautsia», berriz, Antton Olanok euskaratu du. Erbestean zela hasi zen Rodoreda idazten eta Katalunian bukatu zuen. XIX. mendearen bukaeratik 36ko gerra ondorengo urteetara bitartean kokatzen du, eta familia baten bilakaera kontatzen du hiru belaunalditako pertsonaia bakoitzaren ikuspuntutik, mosaiko moduko bat, ispilu hautsi bat sortuz. Sekretuekin hasi, barne bizitzan jarraitu eta heriotzekin amaituko du kontaketa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo