Aizkora Urrezko lehiaketa
Joseba Otaegi ere Azpeitiko final handian izango da
Zizurkildarrak lan handia egin behar izan zuen Mugertza II.a mendean hartzeko.
Jon LEUNDA
Joseba Otaegik lortu zuen Urrezko Aizkorako finalerako azkeneko txartela. Zizurkildarrarekin batera, Nazabal, Rekondo eta Atutxa izango dira datorren igandean Azpeitian jokatuko den final handian.
Aizkolari bakoitzak 45 ontzako enbor bat moztu behar izan zuen hasteko, baina zeinek kolpe gutxiagotan moztu lehiatu ziren. Bigarren lanean, bakoitzak tamaina bereko egurra ahalik eta denbora laburrenean moztea izan zen helburua. Hirugarren saioan, 45 ontzako enborra zutik jarrita ebaki behar izan zuten. Laugarren saioan, berriz, 60 ontzako enborra ebaki behar izan zuten. Bosgarrengoan, aldiz, 45 ontzako bat zutik jarrita, eta beste bat etzanda jarrita. Azkenik iraupen proba izan zen, eta hor bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebaki behar izan zituen.
Kolpekako saioarekin abiatu ziren aizkolariak, eta Otaegi izan zen onena, 44an amaitu baitzuen enborra, mutrikuarrari lauren aldea kenduz. Bigarren saioan, berdinduta geratu ziren bi aizkolariak, bakoitzak 50 segundoan amaitu baitzuen 45 ontzako enborra. Hirugarren lanean, berriz, Mugertza II.a gailendu zen. Zutikako lanean zizurkildarra baino hobeto moldatu zen, eta bere lana bi minutu eta segundo batean amaitu zuen, eta Otaegik, aldiz, 12 segundo gehiago behar izan zituen. Horren ostean, eta lan erdiak amaituta, Mugertza aurretik zen, 12 segundoko tartea kentzen baitzion zizurkildarrari.
60 ontzakoarekin, ordea, zizurkildarra aldeari buelta emateko gai izan zen. 5.57 izan zen Otaegiren denbora eta hamar segundo kendu zizkion Mugertzari. Beste bi proba falta ziren dena amaitzeko, eta gauzek oso estu jarraitzen zuten.
Azken-aurreko saioan, zutikako eta etzandako proban, Otaegik mendean hartu zuen Mugertza, eta amaieran zazpi segundoren tartea egon zen. 2.41 izan zen Otaegiren denbora eta 2.48, mutrikuarrarena. Saio bakar bat falta zen dena amaitzeko, eta bost segundoko tartea bakarrik zegoen bien artean.
Iraupen proban, ordea, Otaegik dena erabakita utzi zuen. Lan guztiak 10 minutu eta 9 segundoan burutu zituen, eta bederatzi segundoko tartea kendu zion Mugertza II.ari. 10.09 izan zen Otaegiren denbora, eta 10.18, berriz, Mugertzarena. Lan guztiak burutzeko, 18 minutu eta 47 segundo behar izan zituen Zizurkilgo aizkolariak, eta 19 minutu eta 5 segundo, berriz, Mutrikukoak behar izan zituenak. Hala, Otaegik lortu zuen finala jokatzeko txartela.
Samaniegoko torneoa
Samaniegon jokatu zen atzo torneo azkar bat. Bertan azken fasean sartu ez diren aizkolariek izan zuten aukera, eta zeinek 54 ontzako enbor bat azkarrago moztu lehiatu ziren aizkolariak. Azkenean Iban Resanok lortu zuen garaipena.
Lau multzotan banatuta lehiatu ziren hasieran, eta Dorronsoro, Resano, Kintana eta Kortxero izan ziren onenak, lau horiek lortu baitzuten finalerdietara sartzeko aukera. Hor Resanok eta Kintanak eskuratu zuten finala jokatzeko txartela, eta nafarrak irabazi zuen txapela. Bigarren Kintana eta hirugarren Dorronsoro izan ziren.
Urruzunok eman zuen Urrezko Harri-jasotzean ezusterik handiena, Ostolatza mendean hartuta. Lehiaketa honetan kirolarien pisua ere kontuan hartzen da, eta bizkaitarra arinagoa denez, lanerako ere denbora gehiago izan zuen. 100 kiloko zilindro zaharra, kubikoa eta bola erabili zituzten. Urruzunok 68 jasoaldi egin zituen, eta lauren aldea atera zion gipuzkoarrari. Beste neurketan Izeta III.ak Eizmendiri irabazi zion. Hemen ere aiarra arinagoa denez, lanerako denbora gehiago izan zuen. Guztira 66 jasoaldi lortu zituen, eta 62, berriz, Jokin Eizmendik. Bestetik, Izeta II.ak ere lortua zeukan txartela, eta hirurak neurtuko dira finalean. J.L.