GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

himalaia Hiru gailur hiru egunetan

Khumbuko koroa hirukoitza Dorje Gylgen eta Kenton Coolentzat

Lehen aldiz historian, bi mendizale horiek Nuptse, Everest eta Lhotse mendiak kateatu dituzte. Horretarako hiru egun behar izan zituzten: maiatzaren 18, 19 eta 20a. Jarduera honetan, bi protagonistek oxigeno artifiziala eta soka finkoak erabili dituzte.

p048_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Azken kroniketan aipatzen ari gara: Everest eta haren ingurumaria protagonismo berezia izaten ari dira. Nahiz eta Himalaiako beste zortzimilakoetan mugimendua badagoen, Khumbuko haranean dauden mendi garaienetan «martxa» izugarria izaten ari da. Horren isla dugu Dorje Gylgen-ek eta Kenton Cool-ek osatutako sokadak erdietsi berri duena: Khumbuko koroa hirukoitza.

Bai, lehen aldiz historian, mendizale horiek Nuptse (7.861 m), Everest (8.848 m) eta Lhotse (8.561 m) mendiak jarraian kateatu dituzte. Horretarako soilik hiru egun behar izan dituzte: Nuptseko gailurra (pasa den 18an), Everestekoa (19an) eta Lhotsekoa (20an). Erresistentzia handia eskatzen duen erronka gogor horren atzean bat baino gehiago izan dira, baina, azkenean, Gylgen nepaldarrak eta Cool britainiarrak sinatu dute.

Jarduera handi hau egin ahal izateko, aurreratu behar da bi mendizaleok oxigeno artifiziala eta hiru mendi horietan finkatutako soka erabili dituztela. Biak ala biak ezagututa, argi dago beste estilo garbiago batean eskalatzeko gaitasuna dutela, baina Coolek baieztatu duen bezala, beste erremediorik ez dute izan.

Hiru egun besterik ez, hiru mendi erraldoi horiek eskalatzeko. Bai, oso denbora gutxi da, baina kontuan hartu behar da ere bi protagonistok egundoko zortea izan dutela eguraldiarekin. Gailurra lortzen saiatu direnek argi zuten ezohiko baldintzak izan zituztela: «Eskularru fin batzuekin nahikoa zen. Inolako zalantzarik gabe, bero handia egin du. Gainera, Hillary izeneko irtengunean soilik 25 minutuko itxaronaldiak izan dira». Datu argigarri bat: maiatzaren 20an 200 lagunek igo zuten Everest, ipar zein hego isurialdeko bide klasikoetatik.

Kanpaleku nagusira iritsi zenean, Coolek argi zuen erronka hori lortzen saiatuko zela. Hala ere, aurreratu du oso egoera berezia izan zela: «Azaldu ezin dudan egoera gertatu zen. Bat-batean hiru mendi horiek igotzeko baimenak lortu nituen. Hori ez da batere ohikoa, eta aitortu behar dut, erabat emozionatuta nengoela. Alabaina, ez nengoen batere seguru; izan ere, nire aurrean hiru munstro nituen. Baina duda guztiak uxatu behar nituen, eta lanean hasi nintzen».

Kanpamentu nagusietatik pasa gabe hiru gailurrak lotzearen lehen saioa ez zen ondo hasi. Hilaren 11n Nuptse aldera abiatu ziren, baina, 7.100 metrora, haizete gogorren ondorioz, helburua bertan behera uztea erabaki zuten. Lehen «hutsaren» ondoren, britainiarrak ez zuen argitu erronkarekin aurrera jarraituko zuen ala ez. Baina, zorionez, eguraldi leiho on bat iragarri zuten, eta sokada hori berriro martxan jarri zen.

Hirutik hiru

Gylgen eta Cool Nuptseko lehen aldatsak igotzen hasi ziren. Eguraldi bikainaz gain, bi protagonistok jakin bazekiten bide osoa soka finkoekin zegoela. Horrek, jakina, igoera azkartzeko aukera eman zien.

Bitarteko horiek medio, mendizaleok zazpimilakoaren gailurra goizeko seietan (Nepalgo ordua) zapaldu zuten. Ordutegia ikusirik, Coolek erronkarekin jarraitzea erabaki zuen. Koroaren lehen izarra poltsikoratu zuten. Zazpimilakoa egin eta gero, bigarren kanpalekura (6.400 m) jaitsi ziren; hots, egun Everesteko kanpaleku nagusi aurreratua bezala hartzen da.

Gogotsu eta indartsu zeudenez, alpinistok bai arratsaldez bai gauez munduko mendi garaiena eskalatzen izan ziren. Ia atsedenaldirik egin gabe, Gylgen eta Cool tontorrera heldu ziren; goizaldeko ordu biak ziren. Jardun luze horretan 2.500 metroko desnibela gainditu zuten.

Iluntasunak harrapatuta zeuden, baina Coolek bazekien zer egin behar zuen; izan ere, britainiarrak gailur bera 11 aldiz zapaldu du. Jaisten ari ziren bitartean, ehunka lagun goranzko bidea hartzen ari ziren. Zorionez, ez zuten ataskorik sufritu, besteak beste, jaitsiera ere soka finkoekin zegoelako. Laugarren kanpalekura iritsi, atseden pixka bat hartu eta hirugarren kanpalekura (7.200 m) jaitsi ziren. Lhotseko paretan zeuden. Zortzimilakoaren ohiko bidean sartu eta goizaldean gailurrera iritsi ziren. Protagonisten adierazpenak: «Jaitsiera gogorra izan zen oso. Nahiz eta hiru mendi horietan oxigenoa eta soka finkoak erabili ditugun, uste dugu erronka hau oso mendizale gutxik egin dezakeela».

Erronka

Dorje Gylgenek eta Kenton Coolek Nuptse, Everest eta Lhotse kateatu dituzte. Hiru egun behar izan dituzte, eta oxigenoa eta soka finkoak erabili dituzte.

Alex Txikonen eraginkortasuna

Ia zortzimilako bat, Nuptse (7.861 m), eta zortzimilakoen artean garaieran laugarrena, Lhotse (8.516 m), sinatu ditu. Horrela bada, bizkaitarraren libretan hamar zortzimilako zenbatu daitezke.

Nuptse, lehena

Espedizioa hasi bezain pronto, Tamayok eta Madariagak osasun arazoak izan zituzten. Osatu ondoren, kanpaleku nagusia altxatzera abiatu ziren. Lehen mendia Nuptse zuten. Eta benetan indartsu jardun duena Txikon bera izan da. Pasa den 16an gailurra lortu zuen. Bueno, lemoarrak dioen bezala, ia gailurra, ze erdiko tontorrera iritsi zen: «Gailur nagusitik 30 bat metrora geratu nintzen. Fisikoki aurrera jarraitzeko arazorik ez nuen, baina tarte hori oso-oso arriskutsu zegoen. Nolabaiteko elur-zubi bat zegoen, eta hura zeharkatuz gero, puskatu eta amilduko nintzen. Nuptsek hiru gailur txiki ditu. Lehen biak egin nituen, baina azkenera, tontor nagusira, heltzea ezinezkoa zen. Benantxio eta Alexei gogoan izan nituen, eta atzera egitea erabaki nuen. Egundoko lana egin nuen, eta gailurra egitearen sentsazioa dut».

Hirugarren kanpalekuan gaua pasa ondoren, biharamunean bigarrenera jaitsi eta Madariagarekin bat egin zuen.

Lhotse, bigarrena

Sokadak munduko laugarren mendi garaiena zain zuen. Duela astebete justu, Txikon Lhotseko hirugarren kanpalekutik irten zen. Madariaga ez zuen ondoan izan, jaisteko erabakia hartu zuelako. Alabaina, goi mailako espezialistekin igotzen hasi zen: Jorge Egocheaga, Peter Hamor, Horia Colibasanu, Marco Confortola...

Laugarren kanpalekuan (7.850 m) atseden hartu eta gero, pasa den 21ean Txikon Lhotseko gailurrera iritsi zen: «Tontor eguna oso-oso luzea eta gogorra izan zen; uste baino gogorragoa. Bizpahiru alditan atzera egiteko zorian egon nintzen. Agian, garaiera nabaritu dut, ze denbora asko neraman 8.000 metroko kotan egon gabe. Horretaz gain, hotz ikaragarria egin zigun. Gainera, hori guztia gutxi izango balitz bezala, goitik harri asko erortzen zen».

Nahiz eta astindu handia jaso, lemoarrak ordu eta erdi egin zuen tontorrean. Ondoren, jaisten hasi zen. 19 orduko jarduna egin eta gero, Txikon bigarren kanpalekura iritsi zen.

Alpinista bizkaitarrak dianan jo du espedizio honekin, Nuptse eta Lhotse sinatu dituelako. Hori zen espedizioaren helburua, eta eraginkorra izan dela ezin zaio ukatu. Hamar zortzimilako ditu dagoeneko, eta aurreratu duenez, falta zaizkion beste lauren bila joango da. Hurrengo «geltokia» K2 (8.611 m); hots, bigarren zortzimilako garaiena. Baina hori udan izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo