GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

eskalada Lehia

Antton Zabala eta Ekaitz Maiz Eskalada Rallyen Ligan nagusi

FEDMEk antolatutako lehiak lehen ekitaldia izan du aurten, eta euskal sokada hori erregularrena izan da. Lau proba izan ditu, eta Zabalak eta Maizek hirutan hartu dute parte. Azkenekoan, Riglosen, aise gailendu ziren, La Viserako hiru bide gogorrenak eskalatuta.

p046_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

FEDMEk antolatutako Eskalada Rallyen Liga amaitu da dagoeneko, eta gainera euskal garaipen batekin. Lehen edizioa zuen liga horrek, eta lehen txapela Antton Zabalak eta Ekaitz Maizek osatutako sokadak jantzi du. Lau proba jokatu dira: Leiva, Terradets, Peñon de Ifach eta Riglos. Euskal ordezkariek Leivakoan ez zuten parte hartu; bai, ordea, besteetan. Aurreko kroniketan idatzi genuen bezala, Terradetsen lehenak izan ziren eta Ifachen bigarrenak. Azkena, Riglosekoa, pasa den 19an izan zen. Eta hor ere Zabalak eta Maizek irabazi zuten.

Berez, 12 orduko eskalada lehia hori egun bat lehenago jokatu behar zen, baina euriak atzeratzera behartu zuen. Biharamuna ere oso grisa eta euri pixka batekin hasi zen, baina segituan atertu eta lehiari hasiera eman zioten. 12 ordu izan ordez, 6 ordukoa egin zen. Aurreratu dugun bezala, indartsuenak eta azkarrenak euskal sokadakoak izan ziren. La Viserako hiru bide gogorrenak eskalatu zituzten: «Popeye», «Zuzen» eta «De naturaleza salvaje». Puntu gehienak batzeaz gain, 810 metro eskalatu zituzten.

Hitzordu guztietako puntuak batu ondoren, rallyen ligan erregularrenak edo irabazleak Zabala eta Maiz izan dira. GARA irabazleekin izan da.

Zuen eskalada ibilbidea ikusita, bat baino gehiago harritu du Eskalada Rallyen Ligan parte hartzen ikusteak. Zer dela-eta zuen agerraldia lehia mota horretan?

Ekaitz: Terradetsekoan, gure babesle «Tech-rock»-ek luzatutako gonbidapen baten ondorioz izan zen. Han gauzak oso ongi atera zitzaizkigun, eta gainontzeko rallyetan parte hartzea erabaki genuen.

 

Zure kasuan Ekaitz, ez da lehen aldia; izan ere, iaz Riglosekoan hartu zenuelako parte. Zer ematen dizue lehia mota horrek?

E: Rally hauetan parte hartu aurretik, Irati Extrem, Quebrantahuesos, Amstel Gold Race eta antzeko bizikleta lasterketetan izan naiz. Intentsitateari begira aipatu dizkizudan lasterketak eta egin ditugun rallyak antzekoak dira. Zergatik hori? Bada, segundo bakoitzak kontatzen duelako. Iraupen luzeko froga hauek gustuko ditut, sufrimendu luzekoak ere deitu daitezke; Anttonek berak baiezta dezake. Terradetserako entrenatzen ari ginenean, txantxetan, sufritzen ez zekiela esaten nion. Esperientzia gogorra dela iruditzen zait, eskalatzeaz gain mendian korrika egin behar duzulako. Eta alderik gogorrena aukeratutako lehen bidearen lehenbiziko luzea izaten da: paretara korrika iritsi eta eskalatzen jartzea inertziaz egiten duzun zerbait da. Gorputzak zera galdetzen dizu: «nora zoaz horrela?».

Antton: Ekaitzentzat ez bezala, nire lehen aldia zen. Lehia hauei esker, hiru pareta horiek ezagutu ditut. Berez, Riglos ezagutzen nuen, baina, tira, era horretara... Horretaz gain, entrenatzeko era ezberdin bat ezagutu dut.

Beraz, Antton, Ekaitzen arabera orain arte ez zenekien zer zen sufritzea. Zein da zure iritzia?

A: Paretetan eskalatzen asko sufritu dut, baina, aurreratu dudan bezala, nire lehen lehiak izan dira. Hormatzarretan bideak zabaldu ditut, Ekaitzenak errepikatu ditut... baina lehiaren kontu hau ezberdina da. Alabaina, Ekaitz oker dabil. Ez banu jakingo zer den sufritzea ez genukeen irabaziko. Beraz, hobe du isiltzea.

Proba horietan aipatzen da «eskalatzaileen topagunea» dela, baina argi ikusten da, batzuk-batzuk, dena ematera joaten zaretela. Paretetan korrikan ibiltzeak motibatzen al zaituzte?

E: Errusiarrek horrelako txapelketei alpinismoko txapelketa deitzen diete. Niretzako alpinismoan azkartasuna ziurtasuna da. Pareta hauetan azkar joateak eraginkortasunarekin lotura du. Beste era batean egingo ez nituen erronkak saiatzea ea betetzen nauen galdetzen badidazu, bada, baiezko erantzuna emango dizut. Hausnarketan pixka bat sakonduko dut. Iruditzen zait paretak indargabetzen direla. Agian hori da lehia hauetatik gutxien gustatzen zaidana. Uste dut bideei errespetua galtzen zaiela, baina, jakina, beti dago zure tokian jarriko zaituen bideren bat. Terradetsen "Villaverde" (6a) izan zen. Friend eta fisurero gabe egin genuen, eskerrak erraza zela! Peñonen "Revelación" bideak (6b+, A1) buruhauste ugari eman zizkigun. Ez genuen bidea ondo irakurtzen jakin, eta hor joan zitzaizkigun garaipenaren puntuak.

A: Horrelako astindu fisiko eta psikologiko bat jasotzeak betetzen nau. Hamabi ordu eskalatzen, bide piloa egiten, korrika jaitsi... ezberdina da. Hala ere, ez da gehien betetzen nauen lehia mota.

Horri lotuta, Antton, eskalada liga hori egiten ari zinen bitartean Espainiako Eskalada Kopan ere parte hartzen ari zara. Nola eramaten da hori?

A: Aurreko galderari lotuta, esan behar dizut zailtasuneko probak direla gehien gustatzen zaizkidanak; besteak beste, lehia horietan demostratzen delako aurrean duzun bidean nor den indartsuena eta ez azkarrena. Hasieran, garrantzi guztia zailtasuneko hitzorduei eman diet, baina rallyen liga irabazteko aukera handiak nituela ikusi ondoren, hor zentratu nintzen. Jakina, zailtasuneko lehiak alde batera utzi gabe. Orain, bai, Espainiako Kopan erabat buru-belarri arituko naiz; hurrengo hitzorduetan topera jarduteko irrikitan nago. Sasoiko nago!

Lau probetatik lehenean ez zenuten parte hartu, baina, bai, ordea, beste hiruretan. Pareta ezberdinak, eskalatzeko era ezberdina...

E: Terradetsekoa "soilena" izan da. Bideak nahiko zuzen doaz, eta, plakakoak direnez, ez dira hain fisikoak. Bai, ordea, aerobikoki exijenteena. Konplikatuena Ifachekoa da. Elkarren artean gurutzatzen diren bide asko eta gutxi ekipatuta daudenez, okertzeko aukera asko daude. Jaitsiera ere ez da erraza. Eta Riglosekoa fisikoena da. Fisikoki ongi egonez gero, eskalatzen zein jaisten azkar joateko aukera ematen du.

Denek faboritotzat hartzen zintuzteten. Erraza izan da, beraz?

E: 12 orduz eskalatzen topera joatea ez da batere erraza. Emaitzei begiratuta agian inpresio hori eman dezake. Baina lehia bakoitzean dena eman behar izaten da, eta hurrengo egunetan lur jota egoten zara. Gorputzari zein buruari kristoren jipoia ematen diezu. Terradetsen esaterako, rallyko afaria ezkontza baten pareko afaria zen. Bada, guk hartu genuen jipoiaren ondorioz, ez genuen ia ezer jan.

A: Faboritoak ote ginen? Berez, zailtasuneko hitzorduetan indartsuak gara, baina rallyetan lehen aldia genuen. Garrantzi handia du pareta ezagutzeak; horrek asko laguntzen du. Eskerrak entrenamendu on bat egin dugun!

FEDMEk antolatutako Rallyen Ligaren lehen edizioa irabazi duzue. Garrantzirik ematen al diozue?

E: Gustuko dugu irabaztea eta aipatu dizkizudan jipoiak hartu ondoren liga irabaztea atsegina izan da. Ze garrantzia duen? Bada, polita izan da, besteak beste, arrokan zein izotzean eskalatzeko negu kaskarra izan dugulako eta lehia horiek motibatzeko balio izan dute. Gainerakoan, zuek kazetariok esango duzue ze garrantzi duen.

A: Nire kasuan garaipen horrek eite oso positiboa izan du; izan ere, babesleak lortu ditut. Beraz, baliagarria izan zait.

Proba horietan emaitza on bat lortzeko, zer da garrantzitsuena? Estrategia, eskalada maila handia izatea...

E: Gakoak honakoak dira: estrategia, pareta irakurtzen jakitea, eskaladan maila handia izatea, fisikoki zein psikologikoki indartsu egotea eta soka-lagunarekin ondo konpontzea.

Jende gehienek eskalatutako metro kopuruari garrantzia ematen dio, baina benetan garrantzitsua batutako puntuak dira. Hots, zenbat eta bide zailagoak hautatu eta eskalatu, orduan eta puntu gehiago. Metro piloa eskalatzeaz gain, zuen eskalada mailagatik ere bide zailak aukeratu dituzue eta hori arrakastaren gako ezinbestekoa izan da, ezta?

A: Txapelketan helburua puntuak pilatzea da. Metroak pilatzea izango balitz, estrategia zeharo aldatuko zen. Beste era batera esanda, bide errazagoak aukeratuko genituen azkarrago joan ahal izateko.

Hemen eta gure ingurumarian ez dugu eskalada rallyen kultura handirik. Etorkizunik ikusten diozue izaera horretako lehiei?

E: Lehia hauetan giro polita egon da: parte-hartzaile guztiok elkarrekin afaltzen dugu, guztiontzat izaten dira sariak... Ildo horretatik etorkizuna ikusten diet. Honetaz guztiaz gain, irabazi berri dugun liga hau nire aitari eskaini nahi diot. Indarra, energia positiboa eta eman diezaiokedan berotasun guztia bidali nahi diot. Zuretzako aita!

A: Nik ere nire sokakidearen aitari animoak bidali nahi dizkiot. Bide batez, Lujan, Anza eta Exkerra gogoratu nahi ditut.

lehen liga

Eskalada Rallyen zirkuituak lau proba izan ditu: Leiva, Terradets, Ifach eta Riglos. Azken horretan ere Antxon Zabalak eta Ekaitz Maizek irabazi zuten.

irabazleak

Zabala eta Maiz erregularrenak izan dira. Leivan ez zuten parte hartu. Terradetsen zein Riglosen irabazi zuten, eta Ifachen bigarrenak izan ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo