Surflari Ernegatua
Ez da broma
«Zer» kontatu baino, «nola» kontatzen den ere kontuan hartzekoa da. Kontatzekorik duen idazle oso gutxi ezagutzen dut ordea. Horregatik maite dut egiazko istorio bat duen kontalaria. Hainbeste maite duen kamera gerturatu zaionean ez da aktore moduan pausatu. Irribarre bat eskaintzeko indarrik gabe, zurbil, ahots apalean, zera esan du: «It's not a joke». Alegia, ez da broma.
Erortzeak, ez omen du behin igotzea lortu izana ezabatu behar. Hala diote, haien azalean inoiz ezer bizi izan ez duten idazleek. Izan ere, inoiz seko drogatuta, banku bat lapurtzen, neska batengatik borrokan, kalean bizitzen, edo norbaiti tiroa bota dion idazlerik ezagutzen duzue? Nik inguruan ezagutzen ditudanak, beren azalean inoiz bizi izan ez dituzten «esperientziak» idazten sumatzen ditut.
Ez dut ezagutzen ezohiko barne grina edo benetan bitxia den idazlerik. Kontuz, idazle bikainak bai, ezagutzen ditut, zeren «zer» kontatu baino, «nola» kontatzen den ere kontuan hartu behar da. Baina, hala ere, «nola» hori ongi egiteko gai direnek «zer» apur bat izan beharko luketela deritzot. Horregatik maite dut egiazko istorio bat duen kontalaria. Agian ez da idazle, antzezle edo hizlari onena izango, baina kontatzeko duenari entzutea bezalakorik ez da.
«The Isle» film laburra ikusita horixe izan da gehien maitatu dudana. Bertan John John Florence eta bere lagunak itsaski baterako nola prestatzen diren eta itsaskia iristean nola erantzuten duten ikusten da. «Nola» kontatua dagoen ez dut maite. Filmeko musika, marken gehiegizko propaganda eta ohiko irudi estetikoek aspertzen naute, baina istorioa erreala da, eta horrexek erakartzen nau.
Protagonistetako bat Matt Meola gazte hawaiiarra da. Film osoan zehar tontakeriak egiten ari da, etengabe antzezten. Ispilu aurrean ikasitako poseak oso ongi entseatuak ditu eta uneoro kameraren aurrean kokatzen da haren aktore abileziak erakusteko. Itsaski handia iristen den egunean ere, itsasoratu aitzin jolasean dabil, mozorro jantzi batekin, animalia baten belarriak eta betaurreko handiak dituela.
Jawsen surf egitera doaz. Jarraian, surf irudi ikaragarriak agertzen dira. Arraun eginaz hartutako olatuetan muturreko jaitsierak eta tubo saiakera zinez arriskutsuak. Halako batean, Meolak ezker olatu erraldoi bat hartzen du. Ohikoena Jawsen eskuinera jotzea da, baina Meola ausartak ezkerrera jo du. Behin olatuaren magala iragan eta azpi aldean dela, zerua ikusten uzten ez duen apar batek irentsi du. Denbora luze bat urpean egon ostean, haren burua ikusi du motoz dabilen sorosle batek eta hura erreskatatzen saiatu da, baina atzean datorren bigarren olatuak buelta emanarazi dio.
Meolaren buru ñimiñoaren gainean altuera neurgaitza duen olatu ezin handiago bat lehertu da, eta berriz ere desagertu da gaztea. Azkenean, hiru olaturen ostean surflaria topatu eta lehorrera eramatea lortu du sorosle batek.
Kanpoan, Meolaren lagunek hizketan eta txantxak egiten jarraitzen dute, baina Meolaren aurpegia oso esanguratsua da, oraindik ur azpian itzulipurdika dagoela dirudi. Ez du irririk, begiak, itsasoan iltzatuta, negar egiteko zorian ditu. Dardarka dagoela dirudi eta hainbeste maite duen kamera gerturatu zaionean ez da aktore moduan pausatu. Irribarre bat eskaintzeko indarrik gabe, zurbil, ahots apalean, gauza bakarra esan du: «It's not a joke». Alegia, ez da broma.