GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

2013ko WCT zirkuitua: Aldaketa garrantzitsuak egon dira Brasilgo txapelketaren ostean

WCT zirkuituko hirugarren proba egin ostean, goitik behera aldatu da ranking orokorra mutilen kasuan. Aspaldiko partez, ez da australiar edo estatubatuarrik lehen postuetan. Brasilen finalean izan ziren bi lehiakideak nagusi, Jordy Smith eta Adriano de Souza.

p052_f02.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Pasa den astean Brasilen amaitu zen txapelketaren ostean, aldaketa nabarmenak egon dira ASPko munduko ranking orokorrean. Aspaldiko partez, australiar eta estatubatuarrek beren nagusitasuna galdu dute.

Egun, Adriano de Souza brasildarra da mutilen rankingean buru. Nesken kategorian berriz, Tyler Wright australiarra aurkitzen da lehen postuan.

Mutilen kasuan, aurtengo itzulia hamar probek osatzen dute, eta Brasilgoa zirkuituko hirugarren proba izan da. Nesken kasuan berriz, guztira zazpi txapelketa egin behar dituzte aurten, eta Brasilgoa itzuliko bosgarren proba izan da.

Barra da Tijuka

Maiatzaren 9an hasi zuten txapelketa Barra Da Tijukako urautsian, eta mutilen lehen txandak egin zituzten bi metroko olatuetan. Olatuak oso azkarrak ziren, baina lehiakideak oso ongi moldatu ziren, eta ikuskizun ederra izan zen. Tubo asko ikusi ahal izan ziren itsasbeheran borobiltzen ziren eskuin olatuetan eta ikusleekin batera lehiakideek ere gozatu zuten.

Baldintza horietan, mutilen lehen txandak egin ostean, nesken txapelketa osorik egin ahal izan zuten, eta pasa den astean iragarri moduan, Tyler Wright gazteak irabazi zuen. Garaipen horri esker, lehen postua eskuratu zuen Tylerrek rankingean.

John John Florence hawaiiar gazteak eta Tiago Pires portugaldarrak ezin izan zuten parte hartu, izan ere bi lehiakide hauek lesio desberdinen ondorioz itsasoratzeko zailtasunak dituzte eta oraindik sendatzen ari dira.

Olaturik ez

Itxaronaldi epea muturrera eraman eta azken egunean azken orduan amaitu zuten txapelketa. Maiatzaren 8 eta 19 bitartean egin behar zuten txapelketa eta lehen hiru egunetan txandak egin ahal izan zituzten, neskek txapelketa ere amaitu zuten, baina gero itxaronaldi epe luzea izan zuten.

Aste osoan geldirik egon ostean, maiatzaren 17an hasi ziren bigarren errondako txandak egiten. Eguraldia oso txarra zen, euria gogotik egin zuen, eta olatuak ere ez ziren oso onak. Lehiakideek nahiko lan izan zuten itxurazko olatuak aukeratzen. Horrela, itxaronaldiko azken egunean egin zituzten azken txandak.

Olatuak ez ziren kalitate oso onekoak, baina tuboak ikusi ahal izan ziren, eta batez ere airekoak. Mota guztietako aireko ikusgarriak ikusi ahal izan ziren azken eguneko txandetan.

Gabriel Medina harrotuta ibili zen txapelketan zehar. Olatu bakoitza futbolariek bezala amaitzen zuen, imintzioak egiten. Askoz apalago ibili arren, sekulako txapelketa egin zuen brasildarra Filipe Toledo izan zen. 18 urteko brasildarra final-laurdenetan Fanningek kanporatu zuen, baina txapelketa bikaina egin zuen.

Jordy Smith Garaile

Oso gutxitan ikus daitekeen finala izan zen Brasilgoa, izan ere buruz buru aritu ziren bi lehiakideetako inor ez zen australiarra, hawaiiarra edo estatubatuarra. Jordy Smith hegoafrikarra eta Adriano de Souza brasildarra izan ziren azken txandan. Biak airekoen belaunaldikoak dira (25 eta 26 urte) eta hegoafrikarrak irabazi zuen.

Honela mintzo zen Jordy Smith: «Ezin sinetsi dezaket irabazi dudala. Errealitate bilakatu den beste amets bat da. Banekien munduko txapelketa bat irabazteko gai nintzela, baina Hegoafrikatik kanpora irabazteko gai nintzela erakutsi behar nion neure buruari. Eskerrak eman behar dizkiot Adrianori, izan ere, finalean sekulako gerra eman dit eta horrela irabazteak garaipenari zapore oraindik eta hobea ematen dio».

Adriano de Souzak ere bere aurkaria zoriondu zuen egindako lehiaketa bikainagatik: «Ahalik eta ondoen egiten saiatu naiz eta eskerrak eman behar dizkiet une oro babesa ematen izan ditudan jarraitzaileei. Zorionak eman behar dizkiot Jordyri; txanda hasi eta amaitu den arte ez dit arnasarik eman. Oso pozik nago Brasil ordezkatzen hemen egoteaz. Gaurkoan Jordy hobeto aritu da, beraz zorionak!».

Horrenbestez, orain rankinga goitik behera aldatu da, lehen postuan Adriano de Souza aurkitzen da. Bigarren postuan, Jordy Smith. Mick Fanning australiarra hirugarren postuan. Eta Kelly Slater, laugarren postuan.

Mutilen zirkuituko hurrengo txapelketa ekainaren 2 eta 14 artean izango da, Tavaruan. Nesken kasuan berriz, hurrengoa uztailaren 10 eta 14 artean izango da, Biarritzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo