Josebe Egia
Greba orokorraren karietara
Grebarako arrazoiak egon badaudela uste dut; uste dut, gutxieneko kontzientzia soziala edukiz gero, inork gutxik ukatuko duela hori. Arrazoi horien zerrenda egiten hasita, azkar konturatuko gara kaltetuen barruan ia guztiok gaudela: haurrak (hezkuntzaz gain, etorkizunean izango duten mundua eta jendartea oro har kakazten ari direlako), gazteak (langabeziara edo deserrira behartuak, edo erabat frustratuta bizitzera), helduak (langileak, lan baldintzen gainbeheragatik; langabeak, ez du azalpenik behar), adinekoak (pentsioak, egoitzen itxierak, baldintzen eskasia...), emakumeak (kaltetuen artean are kaltetuagoak garelako, adin eta leku guztietan, krisiak aurrera egindakoa galtzera garamatzalako); finean, eskubideen galera, atzerapen soziala, denontzat baita kalte.
Arrazoien zerrenda egiten hasita, txoko hau eta, ziur asko, ondokoa ere jango nituzke. Ez da beharrezkoa, jakin badakizkigu. Egunero entzun-irakurtzen ari gara, eta nozitzen, eta denok gabiltza kezkatuta, nor bere buruaz harago, lagunekin, senideekin, lankideekin... Sumindu, sutan jarri ere eta komentatu egiten ditugu, ematen ari zaizkigun «konponbideak» egoki diren ala ez, zer egin, nora jo, nori sinetsi, eztabaidatzen dugu, eta, bakardadean, ezagutu beharko ote dugunaren nondik norakoak irudikatzen ditugu, nork bere ideia sortuta.
Ondorioz, ia guztiok, herri xehearen parte garenok, behintzat, bat egin nahi dugu grebarekin, baina, oraingoan, ez nago ziur indarrik ote dugun desiraz harago benetan bat egiteko. Egin, alegia, lanik ez egin. Ostegun honetako greba orokorraren karietara, nire inguruan, euskal langi- leriaren, gizon-emakumezko lagunen artean, aurretik entzun gabeko iritziak, gogoetak edo usteak aditu ditut, eta duela oso gutxira arte sinesgaitzak irudituko zitzaizkidan jarrera-hartzeak ikusi ditut. Greba zertarako, zertarako balio digu; frustrazioa, zer lortu genuen joan den urteko irailaren 26koaren ostean, eta aurrerago, martxoaren 29koaren ondoko hiletan; larritasuna, egun bat lan egin ez, eta manifestazio batera joateagatik soldataren zati behar-beharrezko bat galtzeak sortua, eta, aldi berean, horregatik hain justu, barnean halako lotsa-ezinegon-traidore sentimendua nagusitzeagatik. Zintzoak garenok, gauzak ondo egin nahi ditugunok, zalantza eta kezka baitugulako, geure buruaz harago, ondokoekiko, kolektiboarekiko, bizi garen jendartearekiko.
Krisi honek hautsak, hauts guzti-guztiak, harrotu ditu. Guztiok ukitu gaitu, edo nola edo hala esnarazi ere egin gaitu. Zalantzarik gabe, ez dago sorgorrarena egiterik, esaten ari zaizkigunean, ikusten ari garenean, okerrena oraindik ez dagoela emanda. Zalantzak zalantza, lorpenaren ziurtasun eza gorabehera, konponbidea sekula ez da etorriko ezer ez egitetik, nahiz eta haiek, greba hutsala dela konbentzitu nahi gaituztenek, eginagatik ere berdin geratuko garela sinetsarazten ibili. Greba orokor honen ondoren, egin egingo duguna, langileriaren batasuna eta itxaropena, gure indarrean itxaropena, sendotzeko bidea bilatzen hasi beharra dugu, hori ere zalantza barik.